Sahararen aldeko janari bilketa aste honetan egingo du Wadna elkarteak, Zestoan eta Azkoitian

Urola Kostako Hitza 2019ko urtarrilaren 22a

Eskoletan eta Zestoako dendetan astean zehar egiten ari dira bilketa. Larunbatean, berriz, goizean Zestoako udaletxe azpian egongo dira Wadnakoak, eta Azkoitiko Eroskin goizez eta arratsaldez. Bestalde, Oporrak Bakean proiektua diruz laguntzeko poltsak jarri dituzte salgai, Potxolo dendan, 7 euroren truke.

Zestoako Wadna elkarteak aste honetan egingo du Sahararen aldeko aurtengo janari bilketa. Zestoan eta Azkoitian egingo dute bilketa hori eta honako janariak edota produktuak ematea proposatu diete herritarrei: arroza, pasta, atuna, sardinak oliotan, azukrea, lekaleak eta konpresak.

Zestoako Herri Ikastetxean eta dendetan aste osoan zehar dago janariak eramateko aukera; auzoetako eskoletan ere egingo dute bilketa. Larunbatean, berriz, goizean 10:00etatik 14:00etara Zestoako udaletxe azpian egongo dira Wadnakoak, eta Azkoitiko Eroskin egun osoan (10:00etatik 20:30era); Azkoitian, gainera, Xabier Munibe Ikastolan ere egingo dute bilketa Zestoako elkartekoek.

Piztu Itxaropena leloarekin egingo den Sahararen aldeko XV. Euskal Karabanarekin bat egiten du Wadnakoen bilketak. Aljeriako Tindufeko kanpamenduetan bizi diren saharar errefuxiatuei laguntzea da, beste behin, egitasmoaren helburua.

Poltsak salgai

Bestalde, Oporrak Bakean proiektua diruz laguntzeko egitasmoa ere martxan da egunotan Zestoan. Proiektu horren arduradunek atera dituzten poltsak jarri dituzte salgai, Potxolo dendan, 7 euroren truke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide