Alkategaia aukeratzeko prozesuan murgilduta da Zestoako EH Bildu

Urola Kostako Hitza 2019ko urtarrilaren 21a

Urte amaieran proposamenak jaso zituzten horretarako jarritako guneetan. Guztira, 21 alkategai eta 87 zinegotzigai proposatu zituzten herritarrek. Orain alkategaia sistema telematikoz iradokitzeko epea zabaldu dute. Proposamen guztiak jasotzean, bozketa prozesua egingo dute. Hain zuzen ere, otsailaren 22tik 24ra egingo du bozketa EH Bilduk.

Zestoako EH Bildu datorren maiatzaren 26rako udal hauteskundeetarako alkategaia aukeratzeko prozesuan murgilduta dago. Joan zen urtearen bukaeran herritarren proposamenak jaso zituzten hainbat gunetan, eta koalizioaren arabera inoizko parte-hartze handiena izan zen. Hain zuzen ere, 21 herritar proposatu zituzten alkategai izateko eta 87 zinegotzigai izateko.

Orain, berriz, alkategaia sistema telematikoz proposatzeko epea ireki dute, eta herritarrek elkarrekin.ehbildu.eus helbidean eman dezakete izena. Gainera, Zestoan erroldatuta dagoen edork egin ahal izango du alkategaiaren proposamena, sistema telematikoan izena emanda dauden lau herritarren abalarekin. EH Bilduren arabera, oraingoz 65 herritar daude sistema telematikoan izena emanda, eta herritarrei izena emateko deia egin die koalizioak, herritarrak ahalduntzea "ezinbestekoa" delako.

Zuzeneko proposamenak jaso eta Internet bidez egiteko epea bukatzean hasiko dute alkategaia hautatzeko prozesua. Alkategai bat baino gehiago baleude –dagoeneko gehiago dira–, bozketa antolatuko du EH Bilduk otsailaren 22tik 24ra bitarterako. Koalizioak esan duenez, hauteskunde "erronkari" aurre egiteko prest dago: "Datozen lau urteetan Zestoa biziberritzeko, herritarrekin batera lan egiteko prest gaudela adierazi nahi dugu, eta datozen asteetan gai ezberdinak jorratzeko helburuz deituko ditugun hitzorduetan parte hartzera animatzen zaituztegu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide