Peñak irabazi du aurten ere Iraetako Errota Harria txapelketa

Urola Kostako Hitza 2019ko urtarrilaren 21a

Xabier Peñagarikano 'Peña', Errota Harriaren txapela jantzita. (Ibon Errazu)

Atzo, Santa Ines bezperan, hasi ziren Iraetan aurtengo festak ospatzen. Urrezko Binakako Aizkolari txapelketaren kanporaketa eta Errota Harria harri-jasotze txapelketa izan ziren jaien lehen eguneko hitzordu nagusiak. Ikusmina sortu zuen herri kirolen jaialdiak eta ikusle ugari elkartu zen frontoian.

Iaz bezala, aurten ere Xabier Peñagarikano Peñak jantzi du Errota Harriaren txapela. Aizarnazabalgoak 28 aldiz jaso zuen harria, hiru minutuko txanda bakarrean. Hiru jasoaldiren aldea atera zion Peñak 25 altxaldirekin bigarren sailkatu zen Beñat Telleriari; Imanol Albizu Goikoetxe izan zen hirugarrena, 24 jasoaldirekin, eta Inhar Urruzuno laugarrena, 23rekin.

Gizonen Urrezko Binakako Aizkolari eta Emakumeen Urrezko Banakako Aizkolari txapelketekin batera jokatu zen Errota Harria. Binakako aizkolarien lehian, Iker Vicente eta Ruben Saralegi gailendu ziren. Egungo txapeldunek Ugaitz Mugertza Mugertza II.a eta Iñaki Azurmendi izan zituzten aurkari. Vicentek eta Saralegik 23  minutu eta 25 segundo behar izan zituzten lanak betetzeko; horrela, bi minututik gorako aldea atera zieten 25  minutu eta  41 segundoko denbora egin zuten Mugertzari eta Azurmendiri. Emakumeen buruz burukoan, Maika Ariztegi izan zen enborrak mozten azkarrena. 6 minutu eta erditan bukatu zituen lanak Ariztegik, eta 10 minutu eta 8 segundo behar izan zituen Xanta Sousak.

Hemen, atzoko jaialdiko argazki gehiago, Ibon Errazurenak:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide