Bertan dira Iraetako Santa Ines festak. Igandean hasiko dira jaiak, Iraetako Auzo Elkarteko kide Aitor Unanuek botako duen txupinazoarekin, eta hilaren 27ra bitartean izango da zertaz gozatu Zestoako auzoan. Adin eta gustu guztietarako ekitaldiak prestatu dituzte.
Aurtengoan izango da berrikuntzarik: lehen aldiz, ohiko afari herrikoiaren ordez, garagardo afaria antolatu dute. "Azken urteetan beti afari herrikoia egin izan dugu, eta aldaketaren bat egin nahi genuen egitarauan", azaldu du Iban Narbaiza Iraetako Auzo Elkarteko kideak.
Urtarrilaren 26an egingo dute garagardo afaria, eta parte hartzeko, aurrez erosi behar dira txartelak. Hogei euroren trukean, saltxitxak, kodilloa eta postrea izango dira jateko eta nahi adina garagardo edateko, 20:00etatik 00:00etara bitartean. Iraetako tabernan, Aizarnazabalgo Troxkan, Zestoako Koioten eta Portale kultur elkartean eskura daitezke txartelak. Narbaizak adierazi duenez, txartel dezente saldu dituzte eta "arrakastatsua" izaten ari da afaria.
Aurtengoan, gainera, izango da beste aldaketarik ere: Urrezko Aizkora lehian gizonek soilik parte hartu izan dute orain arte, eta aurtengoan, emakumeak ere ariko dira. Hain zuzen ere, Maika Ariztegi Xanta Sousaren aurka ariko da. Gizonetan, berriz, Vicente eta Saralegi Mugertza II.aren eta Azurmendiren aurka ariko dira, eta Errota Harrian, Beñat Telleria, Xabier Peñagarikano Peña, Imanol Albizu Goikoetxe eta Inhar Urruzuno lehiatuko dira. Festetako lehen egunean izango da herri kirol saioa, 17:30ean hasita.
Gainera, ohi bezala, datorren asteko ostiralean, mus txapelketa jokatuko dute Bekoetxen. 22:00etatik aurrera eman beharko da izena, bikoteko 30 euro ordainduta, eta hainbat sari banatuko dute partaideen artean.
Bestalde, urtarilaren 26an, pilota partiden aurretik, ohiko Vamos al frontón abestia kantatuko dute herritarrek.
Hona hemen festetako egitaraua:
-Urtarrilak 20, igandea
11:00. Txupinazoa.
17:30. Urrezko Aizkora eta Errota Harria.
-Urtarrilak 21, astelehena
11:00. Meza.
14:30. Bazkideen bazkaria, Gure Ordeka elkartean.
-Urtarrilak 25, ostirala
22:30. Mus txapelketa jokatuko dute, Bekoetxe tabernan. Izena 22:00etatik aurrera eman ahal izango da.
-Urtarrilak 26, larunbata
11:00. Vamos al frontón.
11:30. Pilotako finalak.
13:00. Pintxo lehiaketa Gure Ordeka elkartean.
14:00. Pintxo bazkaria Gure Ordeka elkartean.
20:00. Batukada Iraetako kaleetan zehar.
20:30. Garagardo afaria, frontoian
00:00. Erromeria, Hemengattun taldearekin.
-Urtarrilak 27, igandea
10:00. Meza, Iraetako jubilatuen omenez.
10:30. Iraetako jubilatuentzako hamaiketakoa.
16:00. Jaioberriei omenaldia.
16:30. Umeentzako puzgarriak, tailerrak eta jolasak.
17:00. Iraetako tren txikia zabalik.
18:00. Txokolatada.