Eskualdeko hainbat pilotari ari dira parte hartzen Gipuzkoako Emakumea Pilotari Txapelketan

Urola Kostako Hitza 2019ko urtarrilaren 10a

Binakako txapelketa bi mailatan ari dira egiten. Lehen Mailako lehen jardunaldia bihar izango da, eta Eneritz Arrieta azkoitiarrak parte hartuko du. Bigarren Mailako lehia abenduaren erdi aldean hasi zen, eta Nagore Aramendi, Oihana Orbegozo eta Alaitz Badiola azpeitiarrak nahiz Araitz Eizagirre eta Naroa Agirre arroarrak ari dira parte hartzen.

Martxan da dagoeneko ezker hormako binakako Gipuzkoako Emakumea Pilotari Txapelketa. Bi mailatan ari dira lehiatzen pilotariak, eta horietako batzuk eskualdekoak dira. Hain zuzen ere, joan zen abenduaren erdian hasi zen Bigarren Mailako txapelketa, eta nor baino nor ari diren bost bikoteetatik honako pilotari hauek dira Urola Kostakoak: Nagore Aramendi, Oihana Orbegozo, Alaitz Badiola, Araitz Eizagirre eta Naroa Agirre. Orain arte bi jardunaldi jokatu dituzte horiek; azkena joan zen abenduaren 28an, Azpeitiko Frontoi Txikian. Urtarrilaren 25ean, berriz, Zestoako Gurutzeaga pilotalekuan jokatuko dituzte norgehiagokak. Honako lotura honetan ikus daiteke Bigarren Mailako egutegi osoa. Lehen Mailako txapelketa, berriz, bihar hasiko da. Eneritz Arrieta azkoitiarrak parte hartu du gorengo maila horretan, eta Amaia Araiztegi izango du bikote. Zaldibian jokatuko dituzte biharko neurketak, 18:30ean hasita; Arrietak eta Araiztegik Ainhoa Urienen eta Patri Espinarren aurka neurtuko dituzte indarrak. Guztira, hiru jardunaldi jokatuko dituzte lau bikoteek, eta azkena Zestoako Gurutzeaga pilotalekuan izango da, urtarrilaren 25ean. Honako lotura honetan ikus daiteke Lehen Mailako txapelketaren egutegia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide