Andoni Lubakiren argazki emanaldia eta ikastaroa izango dira Zestoan

Zestoako Hitza 2019ko urtarrilaren 8a

Lubaki gatazka guneetan espezializatutako argazkilari urretxuarra da. Zestoako F11 argazki elkarteak antolatuta, argazki emanaldia eskainiko du urtarrilaren 16an, eta ikastaroa emango du hilaren 17an eta 19an.

Andoni Lubaki. Zestoako F11 argazki elkarteak argazki emanaldia eta argazki ikastaroa antolatu ditu. Bi saioak Andoni Lubaki (Urretxu, 1982) argazki kazetariak gidatuko ditu. Lubaki gatazka guneetan espezializatutako argazkilaria da: besteak beste, Birmanian, Iraken, Turkian, Libian, Mauritanian, Aljerian, Egipton, Mendebaldeko Saharan, Sirian, Afrika Erdiko Errepublikan... lan egin du. Gainera, 2016an Alepon izan zenean, 14 orduz bahitu zuen errebelde talde batek, beste kazetari batzuekin batera. Batetik, argazki kazetariak emanaldia eskainiko du urtarrilaren 16an, asteazkena, Zestoako Portale kultur elkartean. Hainbat herrialdetako gatazkak argazkietan jaso ditu Lubakik, eta besteak beste, Siria, Libia eta Afrika Erdiko Errepublikan bizi izandakoak kontatuko ditu saioan. Bestetik, urtarrilaren 17 eta 19an, argazkigintza ikastaroa emango du argazkilariak. Bi saio horietan, Alepon egindako lanetik abiatuta, argazkiak nola bilatu behar diren azalduko du. Horrekin batera, edizio lana nola egiten duen ere erakutsiko du. Ikastaroan parte hartzeko 50 euro ordaindu beharko da. Izena eman nahi duenak zestoa.argazki@gmail.com helbidera mezu bat bidali beharko du.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide