Zestoako haurren danborradarako karrozak aurkezteko epea luzatu du udalak

Zestoako Hitza 2019ko urtarrilaren 7a

Datorren maiatzaren 3an egingo dute Zestoako haurren danborrada, eta hasiera batean karrozak aurkezteko epea gaur bukatzen bazen ere, urtarrilaren 15era arte luzatu dute epea.

2017ko Zestoako umeen danborradaren karroza. Datorren maiatzaren 3an Zestoan egingo den umeen danborradarako karroza lehiaketa jarri zuen udalak martxan joan den abenduan, eta erakundeak orduan jakinarazi zuen gaurko egunez, urtarrilaren 7an, amaituko zela maketak aurkezteko epea. Dena den, udalak gaur adierazi du urtarrilaren 15era arte luzatu dutela epea. Zestoan bizi den 18 urtetik gorako edonork parte har dezake lehiaketan. Udalak jakinarazi duenez, 1:10 eskalako maketetan aurkeztu beharko dituzte lehiakideek karrozaren diseinuak. Lehiaketa irabazten duen proiektuaren egileak 3.000 euroko diru laguntza jasoko du, karroza egiteko materiala eta bestelakoak barne direla. Karroza egitea, karrozak inguruan behar dituen pertsonaiak bilatzea eta haien jantziez-eta arduratzea, edota danborradaren egunean karrozaren segurtasunerako behar diren pertsonak lortzea, lehiaketaren irabazlearen ardurapean geldituko dira. Aipatutakoez gain, lehiaketaren oinarriek karroza egiteko hainbat irizpide tekniko zehazten dituzte; baldintza zehatzak Zestoako udal bulegoetan edo Kultura teknikariarekin harremanetan jarrita eskura daitezke. Epaimahaia Zestoako Udaleko Kultura Batzordeak osatuko du. Nolanahi ere, komenigarria irudituz gero, aholkulari gisa pertsona gehiagok parte hartu ahal izango dute. Balorazio irizpideak honako hauek izango dira: lanaren zuzentasun teknikoa, originaltasuna, freskotasuna eta gaia, batez ere. Hala ere, aipatutako horiez gain, beste irizpide batzuk ere kontuan hartu ahal izango ditu epaimahaiak.   

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide