Kale argia Zestoan. (Mailo Oiarzabal)
Zestoako EH Bilduk herriko argiteria publikoarekin lotutako bere "enegarren kezka" adierazi du. Talde horren arabera, Zestoako argiteriaren kudeaketa hamar urterako eskuratu duen Tecuni enpresa "lan gatazka larri batean" murgilduta dago: "Dagoeneko hainbat langile kaleratu dute, eta zuzendaritzak epe laburrean 40 langile kaleratzeko mehatxua egin du. Langileek beren lan baldintza prekarioak salatzeaz gain, enpresako zuzendaritzak negoziazioari uko egin izana ere salatu dute".
EH Bilduk argiteria publikoa pribatizatzearen "zentzugabekeria" hasieratik salatu zuen, eta azken berriak "are kezkagarriagoak" direla gaineratu du koalizioak. "Enpresa pribatuek etekin ekonomikoak interes publiko orokorren gainetik jartzen dituztela sobera demostratua gelditu da, eta langileak lan baldintza txarretan dituen enpresa batek, ikusi dugun bezala, gutxieneko zerbitzu duin bat nekez eskain dezake".
Egoera horren aurrean, EAJren Udal Gobernuaren jarduna gogor kritikatu du EH Bilduk: "EAJren Udal Gobernuak hartu dituen erabaki okerren ondorioz, herritarrak kaltetuak izaten ari gara, bai ekonomikoki eta baita zerbitzuaren kalitateari dagokionez ere. Eta bitartean EAJren Udal Gobernua ez da ezer egiten ari".
EH Bilduk garbi adierazi nahi izan du "herritarren beharrak eta interesak babesteko bermerik onena" kudeaketa publikoa sendotzean datzala, eta gaineratu du etorkizunean "zestoarren ongizatean sakontzeko ikuspegi publiko eta kolektiboa" izango dutela helburu.
Aspaldiko soka
Ez da eztabaida berria argiteria publikoarena Zestoan. Joan zen uztailean
argiteria publikoa pribatizatzea erabaki zuen Zestoako Udal Gobernuak, eta EH Bilduk
“gogor” kritikatu zuen EAJk hartutako erabakia. Gainera, joan zen ekainean dozenaka herritarrek
argiteria publikoa ez pribatizatzeko eskatu zioten Udal Gobernuari, Zestoako plazan egindako elkarretaratzean. Azaroan,
argiteria berriro ere udalaren eskuetara itzultzea eskatu zuen EH Bilduk.