Harri-jasotzailez eta aizkolariz inguratuta omendu dute Agustin Ostolaza

Urola Kostako Hitza 2018ko abenduaren 29a

Agustin Ostolaza harri-jasotzaile ohia omendu dute gaur arratsaldean bere jaioterrian, Arroa Goiko pilotalekuan, hain zuzen ere. 17:30ean hasi da ekitaldia, eta aizkolari eta harri-jasotzaile ugari bildu dira bertan: besteak beste, Patxi Astibia, Miel Mindegia, Jose Ignazio Orbegozo Arria II.a, Donato Larretxea, Angel Arrospide, Luis Txapartegi, Xabier Orbegozo, Mikel Larrañaga eta Iker Vicente aizkolariak, eta Joxe Ramon Iruretagoiena, Joseba Ostolaza, Jesus Mari Iruretagoiena, Iban Ugartemendia, Josetxo Urrutia, Josu Urbieta, Imanol Goikoetxe, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, Xabier Aranburu Guzta, Kortaberri, Galarraga, Jokin Eizmendi, Inhar Urruzuno, Julen Diaz, Jon Unanue Goenatxo III.a, Gorka Etxeberria, Mateo Coloma, Mikel Lopetegi, Jon Gisasola, Urtzi Telleria eta Udane Ostolaza. Omenduaren senitartekoak ere bertan izan dira, eta hainbat herritar bertaratu da ekitaldira. Pilotalekua bete egin da. Ekitaldia hastean, harri-jasotzaileak eta aizkolariak aurkeztu, eta segidan, omendua iritsi da Arroa Goiko pilotalekura, emazteak eta trikiti doinuek lagunduta. Ondoren, agurra dantzatu diote Elene eta Udane Ostolaza bilobek. Segidan, herri kirol jaialdia hasi da. Bere garaian, Agustin Ostolazak hamabi apustu jokatu zituen, eta bat bera ere ez zuen galdu. Gaurkoan, hark apustu horietan erabilitako harriak jaso dituzte ekitaldira bertaratu diren harri-jasotzaileek. Horrez gain, aizkolariek hainbat enbor ebaki dute. Sorpresarako tarterik ere izan da gaurkoan: hain zuzen ere, Udane Ostolaza harri-jasotzaile gazteak, omenduaren bilobak, 65 kiloko harria jaso du. Aitonak ez zekien halakorik egin behar zuenik, eta hunkituta ikusi du bilobaren ikuskizuna. Aste honetan bertan aurkeztu dute Ostolazaren bizitza jasotzen duen liburua. Hona hemen gaurko irudiak:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide