Hatzez egindako lau zaldiren irudiak aurkitu dituzte Ekain kobazuloan

Zestoako Hitza 2018ko abenduaren 28a

EHUko ikerketa talde batek lau zaldi aurkitu ditu Ekain kobazuloan. Hatzamarrarekin buztin bigunaren gainean markatutako irudiak dira, eta pasabide txiki eta estu batean daude.

Duela 15.000 bat urte margotu zituzten zaldiak Zestoan aurkitzen den Ekaingo kobazuloan. Gaur egun, kobazuloa itxita dago, eta Ekainberri izeneko erreplikan ikus daitezke margolan horiek. Ekain ondo ikertutako kobazuloa zela uste zuten adituek, baina aurkikuntza berri bat egin du bertan Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile talde batek: hain zuzen ere, beste lau zaldi aurkitu dituzte. Kasu horretan, ez dira margotutako irudiak, hatzamarrarekin buztin bigunaren gainean markatutakoak baizik. Pasabide txiki eta estu batean aurkitu dituzte, kobaren sakonean. Kobazuloko arduradunek azaldu dutenez, "sorpresa" hartu dute aurkikuntzaren berri izatean. "Ekain ondo ikertutako kobazuloa da, oso ondo ezagutzen da, eta sorpresa izan da zerbait berria aurkitzea ia 49 urtez bertan ikerketak egiten aritu eta gero. Ikerlarien munduan ezaguna den koba batean oraindik ere ikerkuntza berriak gerta daitezkeela ikusi dugu, eta horrek lehendik ere ezagunak diren beste koba batzuetan lanean jarraitzera bultzatzen du".    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide