Bertako produktuak, giro ederra eta jende ugari, Zestoako Zoroperi egunean

Urola Kostako Hitza 2018ko abenduaren 26a

Eguraldi politarekin esnatu da eguna gaurkoan, eta ezin hobeto etorri zaie zestoarrei. Izan ere, Zoroperi eguna ari dira ospatzen gaur Zestoan, eta goiz-goizetik festa girorik ez da falta herrian. Herriko plazan dozenatik gora postu jarri dituzte inguruko ekoizleek, eta jende ugari bertaratu da jakiak erostera zein dastatzera.  Laranjadi plazan ere egon da zer erosi eta zer ikusi, artisauek beren postuak jarri baitzituzte bertan. Horrez gain, Urolako XXI. Ezti Lehiaketaren harira, erlea, erlezaintza eta erlauntza produktuen erakusketa didaktikoa eta eztiak dastatzeko aukera izan dira. Urtero bezala, trikiti doinuek hartu dituzte Zestoako kaleak Zoroperi egunean, eta haibat belaunalditako soinu-jotzaileek eta pandero-jotzaileek beren abileziak erakutsi dituzte eguerdi aldean. Zoroperi eguneko aurtengo barazki lehiaketa Soraluzeko Ezozi Etxeberriak irabazi du, eta bigarren sailkatu da Karmen Etxeberria. Fruta lehiaketari dagokionez, berriz, Jose Antonio Elosegi izan da nagusi, eta bigarren saria banatu gabe gelditu da. Errezil sagar onenaren saria Gabiriako Jose Antonio Elosegirentzat izan da, eta ondoen aurkeztitako postuaren saria, berriz, Ezozi Etxeberriak eskuratu du. Aurten XXI. aldiz antolatu du Urolako Ezti Lehiaketa Gipuzkoako Erlezain Elkarteak. Aizarnako Ekiñe Eizagirrek irabazi du sariketa. Bigarren saria Zestoako Antonio Iruretak eraman du eta hirugarren saria Jose Luis Alberdi zestoarrarentzat izan da. XX. Gazta Lehiaketa Aizarnako Sorabilberri baserriak irabazi du, eta bigarren postuan sailkatu da Altzolaratseko Arbe baserria. Sagardo Lehiaketan, aldiz, Arroako Larratzabalbekoa baserriak lortu du garaipena, eta bigarren eta hirugarren geratu dira Lasaoko Alberdikoa eta Arroako Igartza baserriak, hurrenez hurren. Goiza pasata, bazkaltzeko tartea hartu dute zenbaitek, eta beste urte batez, ez du hutsik egin Zestoako Gazte Asanbladak antolatutako babarrun janak. Dozenaka lagun animatu da Gaztetxera, babarrunak jan eta jai giroaz gozatzera. Behin sabelak beteta, arratsaldean eta gauean jarraituko du festak. Hona hemen datozen orduetarako antolatu duten egitaraua: 18:00: Ganbaran ipuin kontaketa, antzerkia eta txotxongiloak uztartuta, Kultur Etxean. 19:30: Gabezin taldea, udaletxeko arkupeetan, afal ordura arte. 22:00: Gabezin taldea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide