Ezkerretik hasita, Joseba Urretabizkaia, Agustin Ostolaza harri-jasotzailea, Josetxo Mendizabal alkatea eta Alvaro Bermejo idazlea, liburuaren aurkezpenean. (Maialen Etxaniz)
Agustin Ostolaza harri-jasotzailearen ibilbidea jasotzen duen liburua aurkeztu dute gaur, abenduak 26, Zestoan. Alvaro Bermejok idatzi du Arroagoiko harri-jasotzailearen gaineko liburua eta Joseba Urretabizkaiaren argazkiek jantzi dute irudiz.
Agustin Ostolaza. Iraun eta arin izena jarri diote liburuari, eta ondutako lanaren inguruko xehetasunak emateko aurkezpena egin dute Zestoako udaletxean. Bertan izan dira, besteak beste, liburuaren protagonista Agustin Ostolaza, Zestoako alkate Josetxo Mendizabal eta liburua idatzi duen Alvaro Bermejo.
Ostolazaren bizitza laburtzen eta jasotzen duen liburuaren "garrantzia" nabarmendu dute aurkezpenean. Zestoako alkateak, bere aldetik, herri kirolek irautearen garrantzia azpimarratu du. Horren harira, gaur aurkeztutako liburua bezalako proiektuek herri kirolen iraupenari "ekarpen izugarria" egiten dietela nabarmendu du Mendizabalek, transmisiorako tresna baitira. Horrez gain, Zestoako harri-jasotzailearen bizitza kontatzen duen liburua aurkeztea "plazera" dela adierazi du alkateak. Halaber, herritarrei dei egin die datorren larunbatean, hilak 29, Ostolazari Arroagoian egingo dioten omenaldira joateko.
Alvaro Bermejo idazleak
Agustin Ostolaza. Iraun eta arin liburua osatzeko egin duen lanaren nondik norakoak izan ditu hizpide gaurko agerraldian. Bermejok kontatu duenez, ez zuen Ostolaza ezagutzen haren inguruko liburua egiteko gonbidapena jaso zuenean. Jorge Oteiza artistaren lanek hurbildu zuten Bermejo harriaren, eta, bide batez, harri-jasotzearen mundura. Idazlearen arabera, Euskal Herriak "lotura estua" du harriarekin, baita Agustin Ostolazaren bizitzak ere: "Harriak egiten du Agustin. Izan ere, harriak altxatzen joan den heinean bere burua ezagutzen joan den pertsona da". Argitaratutako liburua Zestoako historiarako ondare izango dela adierazi du Bermejok. Arroagoiko harri-jasotzailearen inguruko liburua Madrilen aurkeztuko dutela azaldu du idazleak. Haren hitzetan, "harriduraz" jasoko dute Ostolazaren berri Madrilen, arroarrak lortutako markak "izugarriak" baitira.
Agustin Ostolaza. Iraun eta arin liburua salgai jarri dute gaur, Zoroperi eguna, Zestoan, eta hainbat herritar animatu da liburuxka erostera. Aurrerantzean eskuragarri egongo da Zestoako hainbat saltokitan, 30 eurotan.
Ostolazaren omenezko ekitaldiek asteburuan jarraituko dute. Abenduaren 29an, larunbatez, egingo diote omenaldia harri-jasotzaileari, Arroagoian. Ekitaldia frontoian izango da, 17:30ean hasita.