Zestoan prest dute Zoroperi egunerako egitaraua

Urola Kostako Hitza 2018ko abenduaren 19a

Agustin Ostolaza harri-hasotzaileari buruzko liburua aurkeztuko dute Zoroperi egunean, eta hilaren 29an omenaldia egingo diote zestoarrari. Ohiko ekintzekin ospatuko dute herriko jai eguna.

Zoroperi eguna, iaz. (Ainitze Agirrezabala) Gabonetako ohiko ekintzetatik haratago, hitzordu berezia izaten dute urtero Zestoan. Abenduaren 26arekin bat, nekazarien produktuek, ezti ekoizleek, trikiti doinuek zein baserritarrez jantzitako herritarrek bat egiten dute herrian, eta egun osoko festaz gozatzen dute guztiek. Zoroperi egunak biltzen ditu egun horretako ekintzak, eta aurten ere ez du hutsik egingo jaiak. Izan ere, dagoeneko prestatu dute Zoroperi egunerako dute egitaraua. Hurrengo asteazkenean, hilaren 26ean, Idiakaitz txistulari taldearen dianak emango dio hasiera festari, eta jarraian, tradizio bihurtu diren lehiaketei ekingo diete: XXIX. Barazki eta Fruta Lehiaketa, Urolako XXI. Ezti Lehiaketa edota XX. Zestoako Gazta eta Sagardo Lehiaketa. Era berean, erlezaintzari buruzko tailerrak eta eraskutaldiak izango dira, Zestoako artisauek eta baserritarrek ere beraien postuak jarriko dituzte plazan. Udalak ohiko ildotik antolatu du Zoroperi eguna, baina aurtengoak izango du berezitasunik. Izan ere, Agustin Ostolaza zestoar harri-jasotzaileari buruzko liburua aurkeztuko dute eguerdian udaletxean, eta hilaren 29an omenaldia egingo diote Arroagoian. Era berean, aurten ere ez dute pilota partidarik jokatuko zoroperietan. Antolatzaileek, gainera, hilaren 30erako beste ekintza bat antolatu dute: Ana Belen Garcia organo-jotzaileak eta Easo Kapera Gregorianista abesbatzak kontzertua eskainiko dute Aizarnan. Gaztetxeak, bere aldetik, baba jana antolatu du beste urte batez Zoroperi egunerako. 14:30ean elkartuko dira otordua egiteko, eta hara joateko txartelak dagoeneko lor daitezke Koioten eta Portalen, hamar eurotan. Bazkaria prestatzeko, berriz, bilera egingo dute gaur, asteazkena, 17:30ean, Gaztetxean. Ikusi egitaraua, hemen:
  • Abenduak 26, asteazkena:
09:00: Idiakaitz txistulari taldearen diana. 09:00: Urolako XXI. Ezti Lehiaketa eta erlezaintzari buruzko beste ekitaldi batzuk: erleen, erlezaintzaren eta erlauntza produktuek erakusketa didaktikoa (azalpenak 12:30etik aurrera), erlauntzako produktuen dastaketa eta haurrentzako tailerrak. 09:00: XX. Zestoako Gazta eta Sagardo Lehiaketa. 09:00: Zestoako artisauen eta baserritarren postuak. 11:00: Herriko belaunaldi desberdinetako trikitilariak, kalejiran. 11:30-13:00: Photocall saioa. Baserritarrez jantzita joatea gomendatu dute. 12:00: Herriko belaunaldi desberdinetako trikitilarien emanaldia plazan eta Idiakaitz txistulari taldearen kalejira. 12:00: Agustin Ostolaza harri-jasotzaileari buruzko liburuaren aurkezpena, udaletxeko areto nagusian. 13:00: Barazki eta fruta, Ezti eta Gazta eta Sagardo lehiaketetako sari banaketak. Jarraian: Trikitilariak. 13:00: Gazta eta sagardo dastaketa, plazan. 14:30: Bazkaria, Gaztetxean. 18:00: Ganbaran ipuin kontaketa, antzerkia eta txotxongiloak uztartuta, Kultur Etxean. 19:30: Gabezin taldea, udaletxeko arkupeetan, afal ordura arte. 22:00: Gabezin taldea.
  • Abenduak 29, larunbata
17:30: Agustin Ostolaza harri-jasotzaileari omenaldia eta herri kirol saioa, Arroagoiko frontoian.
  • Abenduak 30, igandea
12:00: Ana Balen Garcia organo-jotzailearen eta Easo Kapera Gregorianista abesbatzaren emanaldia, Aizarnako parrokian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide