Herri harresia eraikiko dute Zestoan, "emakumeak babesteko"

Urola Kostako Hitza 2018ko abenduaren 12a

Zestoako Txoko Feministak protesta saio bat antolatu du hilaren 22rako, larunbata. Izan ere, "emakumeak babesteko" eta horiei laguntza agertzeko asmoz, elkarretaratzea deitu dute egun horretarako, eta herri harresia eraikiko dute han. Jar gaitezen euren oinetan. Sinesten dizugulako, elkartasunari erasorik ez lelopean egingo dute herri harresia Zestoako plazan, eta mobilizazioaren bidez, "erasotzaileei" honako mezu hau igorriko diote: "Erasotzaile bakoitzari esango diogu egunero osatzen dugun harresia daukatela aurrean". Txoko Feministak adierazi duenez, "justiziak bere epaietan babesgabe uzten dituen emakume horiekin elkartasunez" eraikiko dute herri harresia: "Giza babesle izango gara, lekuko eta laguntzaile, sistema judizialak erasotzaileari zapaltzen jarraitzeko baliabideak ematen dizkion bitartean. Sistemak erantzuten ez duenean herriak erantzun behar du". "Elkartasuna ez da delitua" Taldearen arabera, Zestoan badira "emakume bati babesa emateagatik salaketa jaso duten herritarrak", eta horren aurrean, "ozen" esan nahi dute "elkartasuna ez dela delitua eta ezin dela kriminalizatu". "Ez dugu erasotzailerik nahi gure artean, ezta haurrak amei min emateko tresna gisa erabiltzen duenik ere. Ez dugu isiltasun konplizerik onartuko". Horregatik, "zapalduak diren horien oinetan" jarri dira, eta beren pausoak entzunaraziko dituzte. "Egunero jantzi behar ditugu emakume horien oinetakoak, azaroak 25ean, abenduaren 22an eta urteko egun bakoitzean. Gu ez gara isilik geldituko. Justizia eta erakundeak aldarazi behar ditugu. Oinak lurrean eta zapatak zintzilik", azaldu dute. Hilaren 22an, 19:00etan elkartuko dira plazan, eta taldeak dei egin die herriko eragile zein herritar guztiei han parte har dezaten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide