Loreto Fernandez musikariak organo kontzertua eskainiko du zapatuan, 12:30ean, Aizarnako parrokian. Organo eta klabezin-jotzaile donostiarrak 7 urterekin hasi zituen musika ikasketak, eta ondoren Baionan eta Tolosan jarraitu zuen horiekin. Gaur egun, Musikeneko irakaslea da Fernandez. Larunbateko emanaldiak honako obra hauek joko ditu musikariak: Adam Ileborgh von Stendal (1448), Giovanni Gabriela (1557-1612), Antonio de Cabezón (1510-1566), Francisco Correa de Arauxo (1584-1654), Pablo Bruna (1611-1679), Pablo Nasarre (1664-1724), Joaquin Oxinaga (1719-1789), Manuel de Gamarra (1723-1791), Hugo Distler (1908-1942); Guy Bovet (1942).
Aizarnako organoak "balio historiko eta artistiko" handia daukala jakinarazi dute emanaldiaren antolatzaileek, eta tresnak 200 urte baino gehiago dituela gogorarazi. "Aizarnako organoa Joan Manuel Betolaza donostiarrak egin zuen, Aizarnako eliztarren aginduz, Joan Zabala eta Joseph Antonio Olaskoaga zirelarik ordezkariak. Entregatzea Joakin Unzueta fraide frantziskotar eta organogileak aztertu ondoren egin zen, eta 8.910 errealeko balioa ezarri zion. Organo barrokoa da, teklatu bakarrekoa. 56 nota ditu. Jose Amezuak zaharberritu zuen 1880an eta Hernaniko Alejandro Usabiaga organogileak 1982an".