Egin den "txapuza" ikusita, argiteria berriro Udalaren eskuetara itzultzea eskatu du Zestoako EH Bilduk

Urola Kostako Hitza 2018ko azaroaren 12a

Hilabete batzuk pasatuta, koalizioak jakinarazi du sasoi hartan erabakia kritikatzeko erabilitako argudioak behin eta berriz "baieztatzen" ari direla. EH Bilduren arabera, Zestoako EAJren Udal Gobernuak interes pribatuak interes publikoaren "gainetik" jarri ditu "beste behin.

Joan zen uztailean argiteria publikoa pribatizatzea erabaki zuen Zestoako Udal Gobernuak, eta EH Bilduk "gogor" kritikatu zuen EAJk hartutako erabakia. Hilabete batzuk pasatuta, koalizioak jakinarazi du sasoi hartan erabakia kritikatzeko erabilitako argudioak behin eta berriz "baieztatzen" ari direla. EH Bilduk gogorarazi du lanen esleipen prozesua "nahikoa konplikatua" izan zela, besteak beste, lehiaketara aurkeztutako enpresa batek helegitea aurkeztu zuelako eta horrek urte eta erdiko "atzerapena" eragin duelako. "Adjudikazio prozesuan udalak kanpo aholkularitza ere erabili behar izan du, eta horrek gainkostua eragin du". Duela hilabete inguru hasi ziren Zestoako argiteria publikoa aldatzen, eta koalizioak azaldu duenez, orain iritsi dira emaitzak: "Enpresak aldez aurretik gune ilunen azterketa sakona egin zuela esan zigun Udal Gobernuak, baina gune ilunak ez argitzeaz gain, lehen hainbestean argiztatuta zeuden guneak ilunduta gelditu dira. Hori gutxi ez, eta gure herriko nortasun ikur nagusienetarikoa den plaza nagusia argiztapen oso baxuarekin utzi dute. Gainera, argi berrien euskarrien eragin estetikoa ere benetan zatarra da". Azpeitiko kasua ere ekarri du gogora EH Bilduk; izan ere, herri horretan udal langileek egin zuten argiteriaren aldaketa. Koalizioak Zestoako lanak bertako udal langileek egin zitzatela eskatu zuen, giza baliabideak eta ahalmen ekonomikoa bazirelako, baina ez dela horrela izan azaldu du. "Azpeitian kaleen argiztapen aldaketak emaitza onak izan ditu, besteak beste Zestoan jarritakoak baino kalitate hobeagoko gailuak jarri dituztela egiaztatu ahal izan dugu eta gurean berriz pribatizazioaren zentzugabekeriak berriro ilundu gaitu". Udal Gobernuak arazoa intentsitate elektriko gehiagorekin konponduko dela esan diola azaldu du EH Bilduk, baina koalizioak salatu du intentsitatea elektrizitatean baino "beste leku batean falta" dela sobera argi gelditu dela. "Inolako beharrik gabe,argiteriaren eta horren energia horniduraren kudeaketa osoa hamar urterako kanpoko enpresa pribatu baten esku utzi dute. Epe horretan enpresak jasoko ditu guztion diruarekin sortutako etekin ekonomiko guztiak, eta energia bezalako alor estrategiko baten kontrol publikoa galduko da". EH Bilduren arabera, Zestoako EAJren Udal Gobernuak interes pribatuak interes publikoaren "gainetik" jarri ditu "beste behin", eta koalizioak zerbitzu publikoen kudeaketaren eta kontrol publikoaren aldeko aldarria egin du. "Argiteriarekin egin den txapuza" ikusita, berriro argiteria Udalaren eskuetara itzultzea eskatu du koalizioak. Joan zen ekainean dozenaka herritarrek argiteria publikoa ez pribatizatzeko eskatu zioten Udal Gobernuari, Zestoako plazan egindako elkarretaratzean.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide