80. hamarkadaz geroztik Euskal Herrian jazotako borrokak izan dituzte hizpide Zestoako Gaztetxean

Urola Kostako Hitza 2018ko azaroaren 12a

Dozenaka lagun hurbildu zen solasaldira. (Argazkia: Azpeitiko Gaztetxea) Zestoako eta Azpeitiko gazte asanbladek antolatutako Hitza eta ekintza jardunaldien barruan, hitzaldia eskaini zuen Juantxo Estebaranz ikerlariak joan den larunbatean Zestoako Gaztetxean. Estebaranzek Mugimendu autonomoa 80. hamarkadan Euskal Herrian izenburupean eskaini zuen solasaldia, baina jorratutako gaiak ez ziren hamarkada horretara mugatu. Azpeitiko, Zestoako nahiz inguruko herrietako gazte asanbladetako dozenaka lagun bertaratu zen Estebaranzen azalpenak entzutera. 80. hamarkadaren testuinguraketa orokorrarekin hasi zuen solasaldia Estebaranzek, eta garai haietan piztu eta berpiztu ziren borroken eta herri dinamiken zein antolakuntzen inguruan hitz egin zuen ondoren. Horren karitik, 80. hamarkadetan gorpuztutako borrokek urteak pasatzean izandako eboluzioa aztertu zuten solasaldira bertaratutakoek. Juantxo Estebaranz aritu zen hizlari lanetan Zestoako Gaztetxean. (Argazkia: Azpeitiko Gaztetxea) Euskal Herriko 70 eta 80. hamarkadetako mugimendu autonomoa, nazio auzia eta klase borroka ardatz hartuta antolatu zituzten Hitza eta ekintza jardunaldiak Zestoako eta Azpeitiko gazte asanbladek, eta azaroaren 3an egin zuten aurreneko saioa.  Asanbladetako gazteek uste dute badela "zer ikasi" 70. eta 80. hamarkadetako mugimendu ezberdinen esperientzietatik, "teorian zein praxian", eta horregatik antolatu dituzte martxan diren jardunaldiak. Hirugarren eta azken hitzaldia Azpeitiko Gaztetxean izango da, azaroaren 24an. Bertan, nazio auziaz eta langileriaren antolaketa politikoaz mintzatuko dira, gaur egungo egoera politikoari begira jartzeaz harago. Nazio auzia eta klase borroka egungo politikan izenburupean antolatu dute hitzaldia, eta 11:00etan hasiko da.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide