Arroa Biran iaz parte hartu zuten herritarrak. (Arroabeko Festa Batzordea)
Zestoako Arroabeko bizilagunak joan den hilean ziren egitekoak Arroa Bira irteera, baina orduko eguraldi iragarpenen ondorioz bertan behera utzi zuten ekimena, eta antolatzaileek zehaztu dute txangoa egiteko data: datorren igandean, hilaren 18an, egingo dute auzoaren inguruko txokoak ezagutzeko ibilaldia.
Bi ibilbide egin ahal izango dituzte herritarrek: luzea, 14 kilometrokoa; eta laburra, 5’7 kilometrokoa. Bide luzeak honako ibilbidea izango du: Arroako plaza, Mardu, Urain gaina, Olaberri, Arroa Goia, Ibañerrieta, San Lorente, Agote eta Arroabea. Horiek 08:30ean elkartuko dira, eta ibilaldi laburra aukeratzen dutenek 10:00etan hasiko dira oinez, Arroabeko plazatik, eta San Lorente eta Agote zeharkatuko dituzte. Ibilaldia bukatutakoan, bidegorriaren aldeko elkarretaratzea egingo dute geltoki zaharraren parean, eta gero hamaiketakoa egingo dute Ederki elkartean. Helduek bost euro ordainduko dute hamaiketakoa egiteko, eta umeek hiru euro.