Haurrak jolasean, Aroagoiko parkean, 2015eko jaietan. (Nerea Uranga)
Arroagoiko apaizetxearen gaineko hirigintza hitzarmenari alegazioak aurkeztea erabaki du Arroako Herri Elkarteak, eta zorrotz kritikatu ditu gai honen inguruan Josetxo Mendizabal Zestoako alkateak egindako adierazpenak eta erakutsitako jarrera. "Bigarren aldia da arroarrei inongo informaziorik eman gabe, ezkutuan, tankerako jokaldia egiten ahalegintzen dena, eta ez gaude prest horrelako jokabideak onartzeko", dio herri elkarteak hedabideetara bidalitako oharrean.
Urriaren 9an argitaratu zuen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak Arroagoiko apaizetxeari etxebizitza erabilera ematea eta, era berean, haren atarian dagoen auzoko haurren jolas parkea tokiz aldatzea ahalbidetzeko Zestoako Udalak eta Arroako Parrokiak adostutako hirigintza hitzarmena. Handik egun gutxira, hitzarmen hori bertan behera uztea erabaki zuela jakinarazi zuen Koldo Intxausti parrokoak; Arroagoiko bizilagun batzuek, parkearen etorkizunaz kezkatuta, hitzarmenarekiko desadostasuna agertu ziotela adierazi zuen Intxaustik, eta horregatik hartu zuela udalarekin adostutakoa atzera botatzeko erabakia.
Arroarren kezkaren adierazle, hilaren 17rako bilera deitu zuen Arroako Herri Elkarteak, apaizetxearen eta jolas parkearen gaineko azken mugimenduez hitz egiteko. Udalak, bere aldetik, hitzarmena behin betiko gauzatu aurretik ireki zuen alegazioak aurkezteko epeari eutsiko ziola adierazi zuen, eta hala egin du: azaroaren 7ra arte luzatuko da epe hori.
Udalari eskaera
Eta epe hori baliatuta aurkeztuko ditu bere alegazioak, hain zuzen ere, herri elkarteak.
Bi puntutan banatuta aurkeztu ditu bere eskaerak herri elkarteak: batetik, hitzarmena bertan behera geratzea eskatzen dute, eta parkea dagoen lekuan uztea, "gutxienez azken hirurogei urteotan" ezagutu izan duten lekuan, irisgarritasun baldintza onak eta sarrera-irteera egokiak dituela iritzita; bestetik, gaur egun apaizetxeari eta Elizari dagokion jolas parkearen jabetza eskuratzea eskatzen diote Zestoako Udalari, "gaur egun dagoen leku berean, funtzio berberarekin jarraitu ahal dezan".
Alkatea eta aurrekariak
Hirigintza hitzarmenari alegazioak aurkezteaz gain, Josetxo Mendizabal Zestoako alkateak gai honen harira "prentsan egindako adierazpenak gezurtatu" nahi izan dituzte Arroako elkartekoek.
Intxaustik hitzarmena atzera botatzerakoan aipatu zituen auzotarren kezken berririk ez zuela adierazi zuen Mendizabalek, eta hori ez dela horrela diote Arroagoikoek. "Alkate jaunari adierazi nahi diogu 2016ko abenduaren 21ean, Zestoako Udalean sarrera emandako dokumentuan, gai honen inguruan herrian zabalduriko zurrumurruen aurrean ahalik eta azkarren Arroagoian bilera egitea eskatzen zitzaiola, eta aldi berean, herriko apaizari ere, apaizetxearen ordezkari gisara, bilera horretan parte hartzeko gonbita edo eskaria egingo zitzaiola", azaldu dute herri elkartekoek, duela bi urte aurkeztu zuten agiria mahai gainean jarriz. "Gezurrak hanka motza du, eta kasu honetan, 2016ko abenduaren 21ean udal sarrera zigilua duen dokumentua begiratu besterik ez du", gaineratu dute.