Zestoan irakurle taldea jarriko dute berriz martxan, eta herritarrek izena eman dezakete

Urola Kostako Hitza 2018ko urriaren 30a

Danele Sarriugartek gidatuko du Zestoako irakurle taldea. (Argia) Zestoako Udaleko Kultura Sailak eta Portale kultur elkarteak irakurle taldea jarriko dute martxan aurten ere, ekimenak iaz izan zuen erantzunaren ondoren. Taldean parte hartzen dutenak hilero elkartuko dira liburu baten inguruan hitz egiteko, eta aurten, Danele Sarriugarte idazleak gidatuko du taldea. Azaroaren amaieran hasiko du ikasturtea irakurle taldeak, eta ekainera bitartean elkartuko da hilero. Bertan parte hartzeko izen-ematea zabaldu dute antolatzaileek, eta interesa dutenek hilaren 7a baino lehen dute horretarako aukera, kultura@zestoa.eus helbidera idatzita. Irakurleek, besteak beste, izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu beharko dute mezuan. Sustatzaileek adierazi dutenez, taldean parte hartzeko plazak mugatuak izango dira, eta iazko deialdiak izan zuen "arrakasta" ikusita, izena eman dutenen ordena kronologikoa hartuko dute kontuan, beti ere plazen muga gainditzen bada. Sarriugarte taldeko gidaria idazle, itzultzaile eta literatura kritikaria da, eta azken urteetan hainbat sari jaso du argitaratu dituen liburuengatik. 2012an, Igartza saria jaso zuen Mamuak eleberriaren proiektuarengatik, bi urte beranduagu Erraiak izenpean argitaratu bazuen ere lana. Hain zuzen ere, lan horri Zilarrezko Euskadi saria eman zion Gipuzkoako liburu saltzaileen gremioak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide