Zestoako lehen sektorea aurrera begira

Mailo Oiarzabal 2018ko urriaren 24a

Udalerriko landa eremuaz egin duen azterketaren emaitzak eta ekintza planaren zirriborroa aurkeztu ditu Urkomek. Planari ekarpenak egiteko epea irekita dago.

Zestoako Bainuetxean egin zuten herenegun azterketaren eta ekintza planaren aurkezpena. (Mailo Oiarzabal) Udalarekin elkarlanean, Zestoako lehen sektorearen eta landa eremuaren azterketa egin du Urkomek, Urola Kostako Landa Garapeneko elkarteak. Estatistika ofizialetan jasotako datuak eta lehen sektorean lan egiten dutenekin egindako elkarrizketak erabili dituzte diagnosia egiteko, eta epe motzean zein ertainean sektorea indartzeko har daitezkeen neurriak proposatzen dituen ekintza plaza osatzeko; izan ere, sektorea indartzea da egitasmoaren helburu nagusia. Atzo aurkeztu zituzten azterketaren emaitzak Bainuetxean. Urkomeren arduradunak "oso gustura" azaldu dira aurkezpenak izandako harrerarekin. Parte hartu zuten baserritarrek eta ekoizleek aurkeztutako datuen gainean, eta, bereziki, ekintza planean proposatutakoen gainean iritzia emateko eta ekarpenak egiteko aukera izan zuten Bainuetxean bertan. Datozen egunetan ere izango dute horretarako aukera, baita aurkezpenean egoterik izan ez zutenek ere; izan ere, Urkomek ekintza planaren agiria Interneten jarri du, eta hamabost eguneko epea ireki du, ekarpenak jasotzeko. Sektorea aktibatzea 229 baserri daude Zestoako udalerriaren lurretan, baina askoz gutxiago dira lehen sektoreari lotutako aktibitateren bat garatzen dutenak. Horien errealitatearen lagina lortzeko, 31 baserritar elkarrizketatu dituzte diagnosia osatzeko. Lehen sektorera bideratutako landa lurren erabilerari dagokionez, basogintza da nagusi, eta atzetik datoz larreak. Azken horien hedapenak badu lotura baserrien jarduera motarekin: abeltzaintza da nagusi, koskarekin, Zestoako baserrietan; eta haragitarako behiak hazten dituzte jarduera horretan aritzen diren baserritar gehienek. Ondorengotza gai korapilatsu gisa agertzen da azterketaren emaitzetan. Familia barruan jarraipena izatea aurreikusten dutenak egon badauden arren, ez da hori gehienen kasua; hala ere, etxean ondorengorik ikusten ez dutenek ez daukate argi beren lurrak kanpoko norbaiti uztearen kontua. Azterketan parte hartu duten herriko janari denda denek esan dute bertako produkturen bat saltzen dutela, baita taberna eta jatetxe gehienek ere, adinekoen bi egoitzetako jantokiek bezalaxe; eskolako jantokiaren emaitzarik ez dute jaso, galdeketa uztailean egin zutelako, jantokia itxita zegoela. Aldiz, asteroko azokarekin eta turismo sektorearekin oso harreman urria dute herriko lehen sektoreko ekoizleek. Landa eremuko auzoetako azpiegiturak hobetzearekin batera, azokan eragitea da, hain zuzen ere, ekintza planean jaso duten epe laburrerako ekintzetako bat. Sektorea aktibatzeko gazteak erakartzea eta bertako eta garaiko produktuak sustatzea ere nahi dute, besteak beste.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide