Ezagutzea eta maitatzea bat dira leloa erabili zuen Atzegi elkarteak 1989. urtean egindako sentsibilizazio kanpainan. Lelo horretatik abiatuta, argazki erakusketa sortu du Jon Andoni Martin argazkilari azkoitiarrak, eta datozen egunetan Zestoan izango da ikusgai. Ostegunean, hilak 25, egingo dute erakusketaren irekiera ekitaldia 18:00etan hasita, Zestoako udaletxeko areto nagusian. Aurkezpen ekitaldian izango dira Atzegiren eskualdeko ordezkariak eta boluntarioak.
Erakusketan, Atzegik urteetan zehar egindako sentsibilizazio kanpainetako materialaz gain, erakunde horretako aisialdiko taldeen argazkiak izango dira ikusgai. Horrez gain, Jon Andoni Martinek kolodio hezearen teknika erabilita sortutako
Begirada garbiak izenburudun erakusketa ikusi ahal izango. Atzegiko erabiltzaileak eta haien senideak agertzen dira
Begirada garbiak osatzen duten argazkietan, eta haien lagunek idatzitako testuek osagarritzen dituzte.
Erakusketaren helburua da, Atzegi sortu zenetik gaur egunera arte izan duen bilakaera erakustea. Horretarako, elkarteak 1960. urtetik 2016ra bitartean egindako kanpainetako argazkiak jarri dituzte erakusgai. Era berean, Txolarteko gazteen eta helduen bidaietako, asteburuetako eta elkarrekin igarotako momentuetako argazkiak jarri dituzte aretoan.