Emakumeen Zestoa, azalera

Zestoako Hitza 2018ko urriaren 20a

Ondarea, emakumeen emaria leloarekin egiten ari dira aurten 2018ko Ondarearen Europako Jardunaldiak. Historiaren eta memoriaren transmisioan eta zabalkundean sarri edo ia beti ezkutuan gelditu diren emakumeak, haien ekarpenak, bizipenak eta arrastoak, azaleratzea da jardunaldion helburu nagusia. Zestoan bat egin dute jardunaldiokin, Emakume guneak Zestoan izeneko bisita-solasaldi gidatuak antolatuta. Bi saio prestatu dituzte eta gaur egin dute horietako lehendabizikoa; hamabost bat lagun elkartu dira herriko plazan hasi eta Zubimusuko garbitoki zaharrean bukatu den ibilaldian, Nerea Odriozolaren eta Amaiur Aristiren gidaritzapean. Herriko emakumeak izan dituzte hizpide uneoro, aspaldiko mendeetakoak zein gertuagoko garaietan bizitakoak, izen-abizendunak zein anonimoak, Pio Baroja eta Laranjadi plazetan ere geldialdiak eginez; gidariek, azalpenak emateaz gain, bisitan parte hartu duten herritarrei aukera eman diete beren oroitzapenak eta hausnarketak plazaratzeko.. Gaur zortzi, urriaren 27an, izango da bisita-solasaldi gidatuaren bigarren eta azken saioa. Gaur bezala, 11:00etan hasiko da, plazatik. Hemen, gaurko bisita-solasaldi gidatuan ateratako argazki batzuk:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide