Otsailera arte luzatuko dira Zestoako parrokiako obrak

Zestoako Hitza 2018ko urriaren 10a

Irail amaieran hasi zituzten kanpandorreko kupula berregiteko lanak eta horiek bukatzeko "bost hilabete" beharko dituztela dio Koldo Intxausti parrokoak.

Zestoako elizaren kanpandorrea, obratan. (Mailo Oiarzabal) Zestoako Andra Mariaren Jasokundearen parrokiako obrak "pittin bat luzatu" egingo direla adierazi du Koldo Intxausti parrokoak. Irail amaieran hasi zituzten kanpandorreko kupula berregiteko lanak eta horiek bukatzeko "bost hilabete" beharko dituztela dio; beraz, otsailera arte, behintzat, luzatuko dira obrak. Iazko abenduaren 1eko gauean, tximista batek jo eta bota zuen Zestoako elizako kanpandorrearen zati handi bat, teilatuan, koruan eta eraikinaren barrualdean ere kalte handiak eraginez. Segituan hasi zituzten konponketa lanak. Hasieratik esan zuten lanek luze joko zutela; joan den apirilean, parrokia "abendura arte, gutxienez, itxita" izango zela aurreratu zuen Intxaustik berak. Orain, badakite epe hori gainditu egingo dutela lanek. "Aurreikusita zuten kupularekin abuztuan hastea, baina ez zen posible izan, plaza festetako zezenketetarako prestatu behar zutelako. Irailaren bukaerahasi ziren, eta aurreikusten dute bost hilabete beharko dituztela bukatzeko", azaldu du Zestoako erretoreak. Kanpandorreko kupula berritzearekin bukatuko dituzte obrak, baina ez da hori datozen hilabeteetan parrokian egingo duten lan bakarra. "Bitartean, barruko lanak ere egingo" dituztela gaineratu du Intxaustik: elektrizitate lanak, megafoniarenak eta abar. Otsaila bitartean, era berean, ohiko elizkizunak San Juan Egoitzako Milagrosaren kaperan egiten jarraituko dute, eta hiletak Arroagoiko parrokian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide