Arroagoiko apaizetxeari etxebizitza erabilera eman eta jolas parkea tokiz aldatuko dute

Zestoako Hitza 2018ko urriaren 9a

Horiek ahalbidetzeko hirigintza hitzarmena adostu dute Zestoako Udalak eta Arroako Parrokiak. Parke berria non kokatu aztertzen ari dira udal teknikariak.

Arroagoiko jolas parkea eta, eskuinean, apaizetxea. (Mailo Oiarzabal) Arroagoiko apaizetxea etxebizitza pribatu izateko bidean da. Zestoako Udalak eta Arroako Parrokiak hori ahalbidetuko duen hirigintza hitzarmena adostu dute, eta hitzarmen horren eraginez, gaur egun apaizetxearen atarian dagoen haurren jolas parkea ere tokiz aldatuko dute. Josetxo Mendizabal Zestoako alkateak azaldu duenez, azken urteetan "erostaile bat baino gehiagok azaldu du interesa apaizetxea erreformatzeko eta etxebizitza berritzeko". Aukera hori bideragarria izan ote zitekeen aztertzen hasitakoan konturatu ziren, udala zein Gipuzkoako Gotzaindegiaren mende dagoen parrokia, hirigintza arauetan erabilera erlijiosoetara bideratuta zegoela Arroagoiko apaizetxea. Eraikinaren erabilera aldatzeko abiatu dute, hain zuzen ere, hirigintza arauetan aldaketa. Udal Gobernu Batzordeak irailaren 13an eman zion oniritzia Arroagoiko Parrokiarekin egindako hitzarmenari; behin-behineko onarpena eman zion orduan, eta bihartik azaroaren 7ra jendaurrean erakusgai izango da hitzarmena udaletxean. Parke berria Apaizetxeari bizitoki pribatu erabilera ematearekin batera, Arroagoiko haur jolas parkea tokiz aldatu beharko dute. Izan ere, parkea apaizetxeari dagokion lur sailaren zati batean dago gaur egun, eta eraikinarekin batera salduko dute. Parke berriaren kokapena oraindik ez dutela zehaztu argitu du Mendizabalek, baina gaineratu duudal teknikariak ari direla kokapena aztertzen eta "probak egiten". Alkatearentzat, "berez, frontoi ondoa litzateke tokirik egokiena, baina momentuz ez dago zehaztuta". Hirigintza hitzarmenarekin lotutako prozedura "sei-zortzi hilabete" luza daitekeela dio Mendizabalek, eta tarte horretan zuzendu beharko dute jolas parke berriaren kontua ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide