Ikasturte berriko erronkei eusteko prest da Zestoako Gazte Asanblada

Urola Kostako Hitza 2018ko urriaren 9a

Hurrengo hilabeteetarako plangintza zehazteko eta urteurren festa antolatzen hasteko asanblada irekia egingo dute ostegunean Zestoako Gaztetxean. Horrez gain, Ikasle Abertzaleak antolakundearen aurkezpena, Zestoako ingurumenaren inguruko hitzaldia eta kontzertuak antolatu dituzte gazte asanbladako kideek datozen asteetarako.

Zestoako Gaztetxean egindako jardunaldi bateko irudia. Martxan da Zestoako Gaztetxeko gazte asanblada, eta indartsu ekingo dio ikasturte berriari. Izan ere, hitzorduz jositako egitaraua antolatu du datozen asteetarako. Lanean hasita badaude ere, hurrengo hilabeteetako erronkez eta bestelako kontuez hitz egiteko asanblada irekia egingo dute datorren ostegunean, urriaren 11n, Gaztetxean, 21:30ean hasita. Bertan, hizpide izango dituzte, besteak beste, ikasturteko plangintza, gazteei zuzendutako formakuntza saioak eta Gaztetxearen 30. urtemuga. Gazte asanbladarekin batera lanean aritzeko interesa duen edonor bertara daiteke osteguneko batzarrera. Urriko agenda Osteguneko batzar irekiaren ostean, izango da zer egin eta zertaz hitz egin Zestoako Gaztetxean. Ostiralean bertan, urriaren 12an, Ikasle Abertzaleak (IA) antolakuntzearen aurkezpena egingo dute, 16:00etan hasita. Bertan, ikasturterako asmoak eta IAren izaera eta erronkak izango dituzte mintzagai. Ikasle Abertzaleakek 30 urte bete ditu aurten, eta urtemuga hori ere gogoratuko dute. Astelehenean, urriaren 15ean, helduko diote egitarauari berriro gazte asanbladako kideek. Egun horretan, Zestoako Gaztetxearen 30. urteurrena izango dute hizpide. Urteurrenari begira jarriko dira, eta ospakizunari zer forma eman hitz egingo dute, 19:00etan hasita. Asteazkenean, hilak 17, Zestoako ingurumenaren inguruko hitzaldia eskainiko dute Gaztetxean, 19:00etan hasita. Musika arduratuko da urriko egitaraua borobiltzeaz. Gazte asanbladako lagunek hiru kontzertua antolatu dituzte urriaren 26rako. Egun horretan, 22:30etik aurrera, gaztetxeko oholtzara igoko dira Nevadah, Grace of Dionisus  eta Viejoven musika taldeak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide