Memoria historikoa lantzeko jarduerak antolatu ditu Zestoako Portale kultur elkarteak

Urola Kostako Hitza 2018ko urriaren 8a

Zestoako Portale kultur elkarteak memoria historikoaren inguruko jarduerak antolatu ditu datozen egunetarako. Batetik, ostegunean, hilaren 11n, Asier Mendizabal Zestoako bizilagunak erakusketa zabalduko du kulturgunean. Metal detektagailu baten bidez, 36ko gerran erabilitako hainbat tresna lurpetik atera ditu Mendizabalek azken urteetan, eta objektu horiek jarriko dituzte ikusgai hilaren 31ra bitartean. Ostegunean, 19:00etan izango da erakusketaren irekiera ekitaldia. Bestetik, Ezkaba mendian (Nafarroa) dagoen San Kristobal gotorlekura irteera antolatu dute hilaren 21erako, iganderako, Agiro mendi taldearekin elkarlanean. Izan ere, 36ko gerran frankistek kartzela gisa erabili zuten gotorleku hori, eta 1938ko maiatzaren 22an, 795 presok ihes egin zuten handik. Gutxienez, hiru iheslarik lortu zuten muga zeharkatzea. Portalek, gainera, gogoratu du Agustin Unanue zestoarra San Kristobal gotorlekuko presoetako bat izan zela. Hilaren 21ean, 09:00etan abiatuko dira Zestoatik, eta Ezkaban 14 kilometroko ibilbide "erraza" egingo dute. Interesa dutenek hilaren 14a baino lehen eman dezakete izena, eta taldea osatzeko, gutxienez 20 lagunek eman behar dute izena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide