Zestoako IV. Ardo Eguneko irudia. (Nerea Uranga)
V. Ardo Dastaketa Eguna antolatu du Zestoako Laiak dendak urriaren 20rako. Egun horretan, zazpi upategitako ardoak dastatzeko parada izango da 12:30etik 14:30era bitartean. Eguraldi ona egiten badu, Lizenziadonekoa plazatxoan jarriko dituzten ardoa dastatzeko postuak. Eguraldiak ez laguntzekotan, aldiz, Kiroldegiko aterpean egingo dute dastaketa.
Aurtengo Ardo Egunera animatzen diren herritarrek, inoiz baino ardo ezberdin gehiago dastatzeko aukera izango dute. Izan ere, zazpi upategitako 17 ardo ezberdin dastatzeko parada izango da aurten. Araba, Errioxa, Dueroko Erribera eta Rueda jatorri izeneko edariak izango dira protagonistak. Hain zuzen, urteko lau ardo, sei zuri, gorri bat eta ondutako sei izango dira aukeran. Honako upategi hauetako ardoak izango dira aurtengo Ardo Egunean: Aimarez, J. Guzman Aldazabal, B. Franco Españolas, Altos de Torona, Palacia de Sada, Petit Pitacum eta El Ternero.
Ardoari laguntzeko hainbat pintxo dastatzeko aukera ere izango da. Besteak beste, Lopene harategiaren, Marduren, Maisorren eta Basatxerriren produktuak dastatu ahal izango dira urriaren 20ko festan.
Iaz bezala, herritarrek bost euro ordaindu beharko dituzte kopa eta lau txartel. Txartel horietako batekin ardo ondu bat, bi bestelako ardo eta pintxo bat dastatu ahal izango dituzte. Bestela, ardo onduaren txartel bakoitza 1,5 euro ordaindu beharko da, eta, gainerakoak, euro bat.