Zestoako Gaztelekuko irudia. (Zestoako Gaztelekua)
Bihar, osteguna, irekiko ditu ateak Zestoako Gaztelekuak. Ohiko ordutegiarekin ekingo dio ikasturteari: ostegun arratsaldetan hirugarren zikloko haurrentzat zabalduko dute Zestoako Gaztelekua, 16:30etik 19:00etara. Ostiral eta larunbatetan, aldiz, DBHkoek erabil ahal izango dute, 16:00etatik 19:30era bitartean.
Gaztelekua ireki osteko aurreneko egunetan Gaztelekura bertaratzen direnen proposamenak jasoko dituzte ikasturte osoko plangintza egiteko; gaztelekuan egingo dituzten ekintzena nahiz herrira begira gaztetxoak antolatzeko prest dauden ekintzena. Izan ere, Zestoako Gaztelekuak nahi duena da herriko haur eta nerabeen parte hartzea sustatzea eta gaztetxoak beraien ekimenez ekintzakantolatzea. Zestoako 6 eta 9 urteko haurrentzat ere zenbait ekintza antolatu dituzte dagoeneko.
Datozen hitzorduak
Ikasturtea hasterako egutegian aurreneko hitzorduak zehaztuta ditu Zestoako Gaztelekuak. Ostiralean, 17:00-18:00 bitartean, haurrentzako jolasak egingo dituzte, bai Zestoan eta baita Aizarnan ere. Horiek Barbantxo aisialdi taldeak antolatu ditu. Barbantxo Zestoako gaztez osatutako taldea da, eta haurren heziketan eragitea da bere xedea. Jolasaren bitartez, haurren arteko harremanak sustatu nahi dituzte, euskararen erabilera indartu, haurrei taldean integratzen lagundu edota naturarekiko errespetua sustatu.
Jolas horiez gain, urriaren 9an, asteartean,
Itzalekin jolasean tailerra egingo dute gaztelekuan. Bertan parte hartzeko izena eman behar da aurrez, gaztelekura deituta (688- 684 029). Urriaren 19an, ostirala,
Kimikarin: zientziarekin jolasean tailerra egingo dute Kultur Etxearen atarian, 17:00etatik 19:00etara bitartean.
Kimikarin haurrek eta gazteek zientziarekiko duten ikusmina pizteko ekimena da. Proiektua
Learning by doing metodologia finlandarrean dago oinarrituta. Erakutsi nahi duena da zientziaren alde ulergarriena erakustea, ikasketak eta aisia lotuta. Bertan parte hartzeko izena eman behar da Zestoako Gaztelekuan.
Gurasoentzat ekintzak
Nerabeen gurasoentzako ere zenbait ekintza prestatu ditu Gaztelekuak. Izar Arregi psikologoarekin kafe-tertulia bat izango da urriaren 25ean, osteguna, Gaztelekuan, 18:30ean. Kafe-tertuliaren gaia
Nerabe bat gure bizitzan izango da, eta bertan seme-alabak nerabezarora iristeak gurasoei suposatzen dizkien kezka, buruhauste eta erronkez hitz egingo dute. Kezka horiek modu osasuntsu batean gainditzeko tresnak emango ditu Arregik kafe tertuliak irauten duen bitartean. DBHko haurren gurasoei zuzenduta egongo da saioa.