Urola Kostako LABeko ordezkariek elkarretaratzea egin dute Zestoan. (LAB)
Urola Kostako LABeko ordezkariek batzarra egin dute gaur Zestoan, ikasturte berria "indarberrituta" hasteko. Bertan, sindikatuaren plangintza osatu eta LABek eskualdeko enpresetan garatu beharreko ekintza soziopolitikoa adostu dute. "Patronalak blokeaturik dituen hitzarmenak berrartzeko eta negoziaketetan ditugun akordioek langileentzako hobekuntzak izan ditzaten borrokatzeko bide orria ezarri dugu", azaldu dute.
Horrekin batera, "enpresaz enpresa prekarietatea salatu eta hori gainditzeko bideak bilatzen" segituko dutela nabarmendu dute. Gainera, lan osasunari lotutako "behar larriak, eta batez ere, lan gaixotasunak eta erailketak" saihestea izango da haien beste ardatzetako bat.
Bilera bukatu ostean, elkarretaratzea egin dute Zestoako plazan. Ikasturte bukaeran egin zuten bezala, "estatalizazioaren eta horrek atxikita dakarren prekarietatearen aurka" egin dute protesta. "Espainiako Estatuak, sindikatu estatalisten eta patronalaren babesarekin, Hego Euskal Herriko langileen lan baldintzak okertzeko planarekin aurrera jarraitzen du. Langileon zapalkuntza bakarrik bilatzen dute horrela. Jartzen dizkiguten zailtasunez gain, ezin dugu ahaztu aurten daoeneko 50 langile hil direla", azaldu dute.
Aurrerantzean ere "borrokan" jarraituko dutela azpimarratu du LABek, eta "langile oro antolatzera eta bakoitzak ikusten duen zapalketa hori salatzera" animatu dute. "Gure eskua zabalik dago langile guztiei laguntzeko eta beraiekin batera borrokatzeko".