Arrue eta Irureta oroitu dituzte berrehun inguru lagunek, Beñat Benantxio ibilaldi neurtuan

Urola Kostako Hitza 2018ko ira. 22a, 19:53

Beste behin, bat egin dute mendizaletasunak eta oroimenak Aizarnan. Gaurkoa egun berezia izan da han elkartu diren lagunentzat. Izan ere, gogoan izango dituzte Beñat Arrue azpeitiarra eta Benantxio Irureta aizarnarra, bigarren urtez antolatu duten Beñat Benantxio ibilaldi neurtuan. Aizarnatik hasita, 25 kilometro inguruko mendi martxa eta 1.300 metroko maldako ibilbidea egin dute berrehundik gora lagunek, giro paregabea lagun. Komizolatza, Iturriotz eta Altzola igaro ostean, Aizarnan bukatu dute ibilbidea. Eguna borobiltzeko, martxan parte hartu duten hainbat lagunek Arrueren eta Iruretaren oroimenez prestatutako bazkari ederraz gozatu dute Aizarnako plazan. Bi mendizaleen irudiekin eta haiek Nepaldik ekarritako banderatxoekin apaindu dute plaza Arrueren eta Iruretaren lagunek zein senideek. Gaurko hitzorduan pertsona berezi bat ere izan da: Suku Maya. Suku Nepalgoa da, eta Aizarnan bizi da, Beñat Arrue zenaren familiarekin. Sendatzeko asmoz ekarri zuten Arantxa Gurrutxagak eta Pello Arruek Euskal Herrira, argazki bati tiraka. Zehazki, 2001ean Nepalen ateratako argazki bati tiraka. Argazki hura Arrueren azkenetakoa zen, eta bertan ageri zen Suku.
Mendizale amorratuak eta lagun handiak ziren Arrue eta Irureta. Mendizaletasunaren pasioak lotu zituen, eta pasio horrek berak kendu zien bizitza bi lagunei. 2001eko urriaren 17an, Pumori (Nepal) mendia igotzen ari zela izotz-jauzi batek azpian harrapatuta hil zen Arrue. Irureta, berriz, Hamabi urte beranduago, 2013ko maiatzaren 13an, zendu zen, Aneto mendian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide