Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaur goizean inauguratu dute eta dagoeneko erabilgarri dago herritar guztientzat Alonderoko aldapako igogailua, Zestoako kaleko lehen igogailu publikoa. Lanak duela aste batzuk bukatuta, aste honetan bertan jaso du udalak Eusko Jaurlaritzatik azpiegitura berria martxan jarri ahal izateko azken baimena. Udal ordezkariak, Josetxo Mendizabal alkatea buru zutela, eta Gurutze jubilatuen elkarteko kideak izan dira igogailua inauguratu dutenak. Izan ere, Gurutzekoek aurreko agintaldian udalari herriko eta bereziki Idiazpi auzoko irisgarritasuna hobetzeko aurkeztutako txostenean dago gaur ireki duten igogailuaren abiapuntua.
Alonderoko igogailuak Idiazpi eta Zubimusu auzoak Gesalaga eta Portale kaleek bat egiten duten puntua lotzen ditu, liburutegiaren eraikinaren kontra jarri duten pasabidearen bidez; pasabide hori itxura aldetik aipatu eraikinera egokitzeko jarriko dituzten egurrezko erremate batzuekin osatuko dute erabat obra.
Mendizabalek azaldu duenez, "jubilatu elkartekoek txostena aurkeztu zutenean ez zegoen dirurik inbertsio handiagoetarako, eta Idiazpin oinezkoentzako pasabide bat egin zen, larrialdietarako-eta irisgarritasuna hobetzeko asmoz. Gero, jaurlaritzak lau urtean behin irisgarritasuna hobetzeko proiektuentzako diru laguntzak ateratzen ditu, eta deialdi horretan sartu ginen, igogailu batentzako laguntza eskatuz". Alkateak gogoratu du udalaren hasierako asmoa igogailua Idiazpin bertan kokatzea zela. Azkenean, ordea, Alonderoko aldapa barrenean jartzea onetsi zuten, "kokaleku honetan jarrita bi auzori ematen genielako irtenbidea, Idiazpiri eta Zubimusuri, azken horretan ere dena eskailera delako".
Gurutzekoak eskertuta eta gustura azaldu dira inaugurazioaren atarian, udalak aurreko agintaldian zein egungoan jubilatuen ekarpenei egindako harrerarekin. Udalari aurkeztu zioten txostena osatzeko "Getarian, Donostian, Eibarren eta Deban aholkularitza jaso" zutela azaldu dute. "Irisgarritasun arazoei irtenbidea emateko aukera ezberdinak zeudela ikusten genuen, baina kontsultatu genituen guztiek esan ziguten onena pasareladun igogailua zela".
Igogailuaren lanek 300.000 euro inguruko aurrekontua izan dute, eta kopuru horren "ia erdia" Eusko Jaurlaritzak emandako diru laguntzarekin finantziatu dutela azaldu du Zestoako alkateak.