Zestoako Kultur Etxea (Hitza)
Zestoako Udalak herriko Kultur Etxearen inguruan eztabaidatzeko prozesua zabalduko du, eta herritarren ekarpenak jasotzeko asmoz, bilera irekia antolatu du datorren astearterako, hilaren 18rako.
Udalak ohar bidez adierazi duenez, duela mende laurden Zestoan Kultur Etxea zabaldu zutenetik gizartea, herriko kultur jarduera eta kultur eragileen beharrak "izugarri" aldatu dira. Orain arte, kultur etxean zenbait "moldaketa" egin dutela esan du udalak: "Nola edo hala erantzun zaie aldaketa eta behar horiei". Orain, ordea, "gaia adarretatik heltzeko garaia" dela azpimarratu dituzte, eta "beharrezko egokitzapenak" eta "aldaketa sendoak" egiteko prestutasuna azaldu du. Hain zuzen, horretarako zabalduko dute parte hartze prozesua. Behin prozesua amaitzen denean, Eultur Etxeak dituen ahuleziak eta beharrak zehazten dituen diagnostikoa egin eta proiektu teknikoa landuko du udalak. Era berean, Kultur Etxeari buruz egiten dituzten gogoetek herriko beste behar batzuk identifikatzeko ere balioko dutela aurreratu dute.
Asteartean, 19:30ean elkartuko dira, kultur etxean bertan. Kultur Etxeko erabiltzaileei eta elkarteei ez ezik, herritar guztiei zuzendu diete bilera. Haien guztien parte hartzea "ezinbestekoa" izango dela azpimarratu du udalak, eta dei berezia egin die herritarrei bertaratu daitezen.