IRUDIETAN: Kolorez jantzitako txupinazoarekin hasi dira amabirjinak Zestoan

Zestoako Hitza 2018ko irailaren 7a

Amabirjinetan murgildu da Zestoa. Eguerdian bota dute aurtengo jaien txupinazoa eta igande iluntzeraino ez du etenik izango festa giroak. Ikastaro berriaren hasierak eta jaienak bat egin dute aurten, eta horrek izan du eragina txupinazoan. Izan ere, Zestoako herri eskolak lehen eguneko jarduna ordubete murriztu eta 11:00etan bukatu badu ere, jaien hasiera iragartzen duen suziriaren jaurtiketa ordu laurden atzeratzea erabaki dute azkenean, ondoko herrietan klaseak hasi dituzten DBHtik gorako ikasle zestoarrek amabirjinen lehen une hori gal ez zezaten. Horrela, 12:15ean izan da txupinazoa. Euskaraldia izan da protagonista, eta kolorez jantzi du jaien hasiera. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra garatuko den egitasmoan parte hartuko duten Zestoako hainbat ahobizik eta belarriprestek hitza hartu dute alkateak suziria piztu baino lehen; eta ondoren, koloretako ke poteak piztu eta traka txiki bati ere eman diote sua. Jaien lehen egun honetan ospatzen den Kuadrillen Eguneko lagun taldeen jantzi bereizgarriekin batera, kolorez jantzi dute festa. 21 kuadrilla eta ia 380 lagun bazkaltzen Txupinazoak eztanda egin eta gutxira abiatu dira kalejiran herriko musika banda eta txistulariak, buruhandiekin batera. Bitartean, udaletxe azpian lanean hasi dira Kuadrillen Eguneko paella lehiaketako parte hartzaileak. Izan ere, eguraldiaren ezengokorra saihesteko, aurten aterpean egingo dituzte bai lehiaketa eta bai ondorengo bazkaria ere. Guztira, 21 kuadrillak emana zuten izena paella lehiaketarako, eta ia 380 lagunek, berriz, Gurutzeaga pilotalekuan jarritako karpan egingo duten bazkarirako. Egitaraua Hona hemen, jaien lehen eguna osatzeko falta diren hitzorduak: Egunean zehar, Ustekabe txaranga. 14:30. Paella lehiaketako epaimahaia mahaietatik igaroko da. Ondoren, herri bazkaria frontoiko karpan. 16:00-21:00. Puzgarriak, surf ohola, bideo-jokoak, wiiak frontoian eta Kultur Etxe aurrean. 17:00. Kuadrillen arteko jolasak, plazan. 18:00. Gaztetxoen krono igoera, Lauiturritik. 20:00. Zestoako batukada. 22:00. Polybius taldearen kontzertua, Laranjadi plazan. 23:00. Aneguriaren kontzertua, Laranjadi plazan. Eta hemen, gaur eguerdiko argazkien bilduma: [flickr_set id="72157699474822441"]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide