Iñaki Alkorta ganaduzale azpeitiarra atzo Ordizian. (Goierriko Hitza)
Euskal Jaien barruan, azoka berezia egin zuten atzo Ordizian, eta askotariko sariak banatu zituzten egunean zehar, hala nola gazta lehiaketakoa, ganaduei eta oiloei lotutakoak nahiz barazkien txapelketakoak. Euskal oiloen eta ganaduen lehiaketan hainbat sari jaso dituzte eskualdeko bizilagunek. Izan ere, Antonio Alvarez getariarrak lehen saria jaso zuen Gallina Gorrina sailean. Zilarra sailean, berriz, lehen saria jaso zuen Mikel Albizuri getariarrak, baita lotea saileko aurreneko saria ere. Sail horretako bigarren saria Alvarezek jaso zuen.
Ganaduen lehiaketan, lau sari jaso zituen Zestoako Zokolo Berri baserriko Juan Jose Urteagak. Honako hauek dira eskuratu zituen sariak: 18 eta 24 hilabete bitarteko bigantxen alorrean bigarren saria; 2 eta 3 urte bitarteko bigantxenean, lehen saria; 3 eta 5 urte bitarteko behienean, hirugarrena; eta 7 eta 9 urte arteko behien alorrean lehenengoa. Azpeitira ere iritsi ziren bi sari. Izan ere, 12 eta 18 hilabete bitarteko bigantxen artean, bigarren saria eskuratu zuen Azpeitiko Garagartza Gain baserriko Iñaki Alkortak, baita 7 eta 9 urte baino gehiagoko behien saileko hirugarren saria ere.