18:00ak pasatxoan hasi da aurtengo XXXIII. Ondarbasoko Igoera. Aurtengo edizioa berezia izan da; izan ere, Gurutzeaga txirrindulari elkarteko kide zen eta iaz hil zen Juan Karlos Iraolagoitia omendu dute. 22 txirrindularik parte hartu dute plazan hasi eta Ondarbason bukatu den hiru kilometroko erlojupeko proban, eta lasterketa Joseba Albizuk irabazi du, ibilbidea 11 minutu eta 33 segundotan bukatuta. Emakumeetan irabazlea Amaia Alonso izan da; hark 16 minutu eta 48 segundo behar izan ditu Ondarbasora igotzeko. Bigarren gizonezkoa Jon Mendia –iazko garailea– izan da (11:49), eta hirugarren Iñaki Gabarain (12:16). Alonso izan da proban parte hartu duen emakume bakarra.
Hona hemen probako sailkapen osoa: Parte hartzaile guztiak plazatik atera dira, hiru minutuko tartearekin, eta jendetza izan da proba ikusten zein txirrindulariak animatzen. Parte hartzaile batzuek, gainera, laguntzaileak izan dituzte ibilbidean zehar; hain zuzen ere, txirrindulaetako batzuen atzetik lagunak eta senideak joan dira autoan. Gaur Gazte Eguna ari dira ospatzen Zestoan, eta Ondarbasoko ohiko proba ez ezik, presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen aldeko bazkaria ere egin dute. Gaunea, 23:00etan hasita, berriz, Leok'k-en eta Grisesen kontzertuak izango dira Laranjadi plazan, Rock Jaialdiaren barruan. Hona hemen gaurko irudi batzuk: