Irailaren 16an jokatuko da Akoako Bira

Zestoako Hitza 2018ko abuztuaren 31

Korrikalariek 7,8 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, 10:30ean hasita. Akoa Txikia eta asto karrera ere jokatuko dituzte. Dagoeneko eman daiteke izena proban.

  Iazko Akoako Birako irudi bat. (Nerea Uranga) Irailaren 16an jokatuko dute Akoako Bira mendi lasterketa, Zestoako Akoa auzoan. Hamairugarren urtez egingo dute proba, eta korrikalariek 7,8 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, 10:30ean Santutxutik abiatuta. 18 urtetik gorako gizon-emakumeek parte har dezakete Akoako Biran. Helduen ostean, umeen txanda izango da. 6 eta 12 urte bitarteko haurrek Akoa Txikia lasterketa egingo dute: asto lasterketaren ibilbideari itzuli bat eman beharko diote horiek, eta, guztira, 300 metro egingo dituzte korrika. Korrikalarien probak amaituta, auzotarren asto lasterketa egingo dute. Lasterketaren amaieran, aurreneko bost sailkatuei sariak banatuko dizkiete, eta, ohi bezala, hainbat zozketa ere egingo dute. Bestalde, hamaiketakoa izango da bertaratzen diren guztientzat. Horrez gain, bertan dutxatu nahi duenak izango du horretarako aukera. Akoako Biran parte hartzeko izen ematea zabalik dago, eta bi modutara egin daiteke: www.herrikrosa.eus atarian edo Zestoako kiroldegian. Bost euro ordaindu behar da izena ematerakoan, baina, egunean bertan, dortsala hartzerakoan, itzuli egingo dute ordaindutakoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide