Herriko rock mugimendu oso baten ospakizuna izango da jaialdia. Irudian, Berriketan taldea. (Hitza)
Herri musikazalea eta musika sortzailea da Zestoa. Hamaika dira herrian egun martxan diren musika taldeak, eta are gehiago azken hamarkadetan sortu direnak. Rockak, gainera, txoko berezia izan du Zestoan, eta bide horretatik igaro direnak gogoratu eta egun dabiltzenei gorazarre egiteko asmoz, Rock Jaialdia ospatuko dute datozen egunetan.
Lehenengoz antolatu dute halako ekimen bat herrian, eta arrazoi jakin bat dago horretarako: duela mende erdi ekarri zuen Leok’k taldeak rocka Zestoara, hura izan baitzen herriko lehen rock taldea. Hori hala izanda, taldearen 50. urteurrena aitzakiatzat hartuta antolatu dute jaialdia. "Duela urtebete hasi ginen prestatzen, pentsatzen genuelako Leok’k taldearen sorrera herriko rock mugimenduaren abiapuntu izan zela", esan du Gotzon Lizaso Leok’k-eko kideak eta festaren antolatzaileak.
Taldearen urteurrenaz haratago, ordea, mugimendu oso baten ospakizuna izango da jaialdia, antolatzaileen nahia izan baita herriko rock taldeak ere ekimenera batzea. Beraz, Zestoako rock mugimenduaren isla izango da gaurtik aurrera ikusi ahal izango dena. Rockzaleen topaketa izanik, musikak ez du hutsik egingo, baina izango da bestelako ekitaldirik ere. Herriko rock mugimenduaren historia labur bat egiteko asmoz, besteak beste, taldeen argazki erakusketa zabalduko dute gaur. Bihar, berriz, atzoko eta gaurko taldeen bideoekin eta bideoklipekin bi ordu inguruko ikus-entzunezko emanaldia izango da.
Gainontzean, kontzertuek osatuko dute Rock Jaialdiko egitaraua. Ildo horretan, antolatzaileen asmoetako bat zen egun deseginda dauden taldeak jaialdirako berriz elkartzea, baina Lizasok onartu du "asko kostatu" zaiela taldeak berriz aktibatzea. Dena den, talde batek behintzat eman die baiezkoa: "Leok’k-en oinordeko izan zen Minileok’k taldeak. Entseatzen hasi ginen garai hartan 17 bat urte genituen, eta hauek –Minileok’k-eko taldekideak izango zirenak– mutil kozkorrak ziren. Ordura arte entzun gabeko musika berezi bat egiten genuela ohartuta, gugana gerturatu ziren. Leok’k-eko taldekideoi derrigorrezko soldaduska egitea egokitu zitzaigunean, Minileok’k taldea sortu zuten haiek, guk soldaduska amaitu bitarterako".
Aspaldiko partez emango du Minileok’k taldeak kontzertua, eta taldekideak bihar igoko dira Laranjadi plazako taula gainera, Leizerekin batera. Dena den, larunbatean izango da rock ospakizuna. Orduan, Grises taldeak eta Leok’k aitzindariek eskainiko dituzte kontzertuak. Leok’k-ek, gainera, kaleratzear duen hirugarren diskoa aurkeztuko du etzi:
Infinituari segika. "Disko borobila eta homogeneoa da, eta abesti guztiak gustura entzuten dira". Argazki erakusketan jarriko dute salgai azken lana, eta aurreko diskoan bezala, irabazien zati bat Saharako emakumeei laguntzeko Saemel proiektura bideratuko dute.
Atzoko eta gaurko kantuak
1968an, frankismo bete-betean, hasi ziren Lizaso, Sebastian Etxeberria, Mitxel Orbegozo, Alejandro Kortadi eta Juan Antonio Kortadi The Doors, Bob Dylan, Deep Purple edota The Beatlesen abestien euskarazko bertsioak egiten. Pixkanaka gorpuzten joan zen taldea, baina ia lau hamarkada igaro ziren lehen diskoa,
Saemei, argitaratu zuten arte. Ez da talde lineal bat izan Leok’k; hainbat gorabehera izan du bere ibilbidean. Taldekide batzuen heriotzek eta SGAErekin izandako auziak zuzenean eragin die, baina herritarrei esker aurrera egiten jakin dute.
Hain zuzen, horren guztiaren erakusgarri izango da etziko kontzertua, eta atzoko eta gaurko taldekideak zein kolaboratzaileak igoko dira agertokira. Beraz, hastapenetara ere joko dute, eta rocka Zestoan ondu zuten sorrerako bertsio haiek eskainiko dituzte, nostalgikoen gozamenerako.
Rock Jaialdira
- Gaur, osteguna
19:00. Herriko rock taldeen argazki erakusketaren irekiera ekitaldia, udaletxeko udalbatzar aretoan. Irailaren 6ra bitartean, 17:00etatik 20:00etara bitartean izango da zabalik astegunetan, eta asteburuan 12:00etatik 14:00etara irekiko dute.
- Bihar, ostirala
22:30. Minileok’k eta Leize taldeen kontzertuak, Laranjadin.
23:30. Herriko rock taldeen bideoen eta bideoklipen emanaldia, Laranjadi plazan: Leok’k, Minileok’k, Leize, Berriketan, Children off the grave, Grises, Rural Zombies eta Rodeo.
- Etzi, larunbata
23:00. Leok’k taldearen kontzertua, Laranjadi plazan.
01:00. Grises taldearen kontzertua, Laranjadi plazan.