Zestoako Pilota Elkarteak batzarra egingo du asteartean, egitasmo berriaz informatzeko

Urola Kostako Hitza 2018ko abuztuaren 29a

Txokoko txapelketa, iaz. (Ihintza Elunstondo) Zestoako Pilota Elkarteak batzar irekia antolatu du datorren astearterako, irailak 4, taldeak aurrera begira duen plangintza berria herriko pilotazaleekin, gurasoekin eta pilotariekin elkarbanatzeko asmoz. Izan ere, 10 urte bete ditu Zestoako Pilota Elkarteak, eta haren urteurrenean, barne antolaketan aldaketak egin eta herriko pilota jarduera egungo garaietara egokitu nahi du. Elkarteak adierazi duenez, bere helburu nagusia da herrian pilota zaletasuna sustatzea eta umeei pilotan jokatzen ikasteko aukera eskaintzea. “Azken hamarkada honetan txapelketa ofizialetan Zestoak eskola zein federatu adinetan ordezkaritza iraunkorra izatea lortu badu ere, entrenamendu guztien jarraipena egiterako orduan, azken denboraldietan hutsuneak sortu dira, eta aurrerantzean, besteak beste, begirale edo entrenatzaile figura indartzeko neurriak hartu nahi dira”, esan dute. Azpimarratu dute Zestoa “herri pilotazalea” dela, eta “pilotak merezi duen tokia eta garrantzia” izan dezan, datozen urteetarako plangintza berria martxan jartzeko asmoa du elkarteak, eta egitasmo hori plazaratuko dute astearteko bileran. Era berean, bertaratzen direnen iritziak jasoko dituzte. 19:00etan elkartuko dira, Kultur Etxean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide