Juan Karlos Iraolagoitia zena omenduko dute aurtengo Ondarbasoko Igoeran, Zestoan

Urola Kostako Hitza 2018ko abuztuaren 28a

Ondarbasoko igoera, iaz. (Ihintza Elustondo) Hogeita hamahirugarren urtez, Ondarbasoko igoera jokatuko dute larunbatean Zestoan. Ohiko ibilbidea eta funtzionamendua izango ditu probak, baina aurtengoak izango du berezitasunik. Izan ere, lasterketaren antolatzaile Guretzeaga Txirrindulari Elkarteak Juan Karlos Iraolagoitia zena omenduko dute aurten, lasterketarekin izan zuen lotura aintzat hartuta: "Lasterketa sortu zenetik urtero-urtero parte hartzen zuen Iraolagoitiak. 31 urtetan ez zuen hutsik egin, gaixotu zen arte", esan du Gorka Olaizola probaren antolatzaileak. Iaz hil zen Iraolagoitia, eta Olaizolaren arabera, hura izan zen txirrindulari bakarra lasterketan parte hartu zuena. Horregatik egingo diote aitortza Iraolagoitiari, eta haren familiak oroigarria eta lore sorta bat jasoko ditu sari banaketan. Txirrindulariek ostegunera bitartean eman dezakete izena probarako, Uztapide eta Koiote tabernetan. Doan inskribatu daiteke, baina lasterketa herrikoia izanik, soilik Zestoan jaiotakoek edo han bizi direnek harte dezakete parte. Federatutakoak zein federatu gabekoak lehiatuko dira, baina federatu gabekoek NAN fotokopia eraman beharko dute izena emateko orduan, lasterketarako dagokien asegurua izan dezaten. Larunbatean, 18:00etan hasiko da proba, eta ohi bezala, txirrindulariek hiru kilometroko ibilbidea osatuko dute herriko plazatik Ondarbaso baserriraino. Erlojupeko proba izanik, txirrindulariak banaka aterako dira, hiru minutuko aldearekin. Lasterketa amaitutakoan, sari banaketa egingo dute, eta lehen emakumezkoak eta gizonezkoak sarituko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide