Mende erditik infinitura

Urola Kostako Hitza 2018ko abuztuaren 23a

Zestoako Leok'k rock musika taldeak 50 urte bete ditu aurten. Hirugarren diskoa irailean kaleratuko dute, eta Saharako emakumeei laguntzeko erabiliko dituzte irabazi guztiak. 'Berria' egunkariak erreportajea egin du Zestoako taldeko kideekin hitz eginda.

Euskal kulturaren garaikidetasuna 60ko hamarkadan aldarrikatu zen, herri musika modernizatu egin zen, eta nazioarteko erreferentziak ugaritu ziren. Zestoan (Gipuzkoa), Jo eta jo zeruko atean deika kantatzen zuten Bob Dylanen Knockin' on Heaven's DoorKea ur gainean, Deep Purpleren Smoke on the WaterKezkarik ez, The Beatlesen Carry That Weight. Herriko 18 urte inguruko bost gazte elkartu ziren: Gotzon Lizaso, Sebastian Etxeberria, Mitxel Orbegozo, Alejandro Kortadi eta Juan Antonio Kortadi; eta Leok'k sortu zuten. Orain, taldeak 50 urte bete dituela, gogoan dute herriko lehenak izan zirela rocka egiten, baita euskarazko rocka egiten zuen lehen taldeetako bat ere. Herriko musika bandan jotzen zuten gehienek, eta orduko rock taldeek, "musika berriak", sortu zien rocka egiteko grina. Gauza berria zen egiten zutena, eta Gipuzkoan eta Bizkaian festarik festa aritu ziren, 1968tik 1972ra arte. Bi estilotako ikuskizuna ematen zuten: alde batetik, nazioarteko rock abestien bertsioak —gehienak euskaratuta—, eta, bestetik, festarako eta dantzarako musika. 1972an, berriz, "soldadutza madarikatua" iritsi zen, Gotzon Lizaso teklatu jotzaileak dioen moduan, eta taldea utzi behar. Zestoarrak ziren denak, eta urte gutxiren aldea zuten elkarren artean; batzuk lehenago eta besteak geroago, denak sartu ziren. Bakarren batzuk musika egiten jarraitu zuten arren, taldea ez zen itzuli 1992ra arte, herrian antolatu zuten rock emanaldi batean jotzeko elkartu arte. Gauza bera gertatu zen 2002an: rock jaialdi batek itzularazi zuen Leok'k. Ordurako seme-alabak koskortuak zituzten, eta taldekideek jarraitzeko asmo argia zuten. Jarraitu erreportajea irakurtzen Berria.eus webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide