Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Irailaren 8an, zezenketen garaian, kalejira, Bad Sound System taldearen kontzertua eta bafle poteoa egingo dituzte. Bono laguntzak jarriko dituzte salgai, egitasmoa finantzatzeko. Ekimenaren sustatzaileek salatu dutenez, udalak ez du 'Gurea, kultura' babestu, "bikoiztasuna sortzen duela" argudiatuta.
Amabirjin jaietan, zekorketen garaian, herritarrei alternatiba eskaintzeko helburuz Gurea, kultura egitasmoa sortu du zestoar talde batek. "Animaliei tratu txarrak eman gabe festa egin eta ondo pasatzea badagoela uste dugu", azaldu dute egitasmoaren sustatzaileek. Izan ere, hainbat kultur ekintza antolatu dute irailaren 8rako, Amabirjin Egunerako.
17:15ean hasita, kalejira egingo dute Gurutzetik estazio zaharrera, eta han Bad Sound System taldearen kontzertua izango da. 20:00etan, berriz, bafle poteoa egingo dute kalez kale, eta 22:00etan DJ HGSren emanaldia izango da Gaztetxean.
Egitasmoa babesteko laguntza bonoak jarriko dituzte salgai, hamar euroren trukean. Gurea, kultura ekimenaren sustatzaileek azaldu dutenez, finantzaketa kolektiboa da ekitaldiok posible egiteko modu bakarra: "Zestoako Udalak ez du Gurea, kultura ekimena babestu, 'bikoiztasuna' sortzen duela arrazoituta. Hain zuzen ere, zestoarrok 'bikoiztasun' hori behar dugula iruditzen zaigu, animaliarik hil gabe ondo pasatu nahi duenak horretarako eskubidea duela uste dugulako".