(Uema)
Astebeteko udalekuak antolatzen dituen lehen urtea da UEMArena, estreinaldia; eta dagoeneko gazteak etxera itzuli badira ere, guk azken egunetan harrapatu ditugu Zestoan. 15 eta 18 urte bitarteko hamasei gazte euren kabuz gosaldu ondorengo jolasa erabaki eta antolatzen utzi ditugu baserri-eskolako gela batean, eta gurekin bildu ditugu Jokin Uranga UEMAko hezkuntza arloko arduradun eta udalekuetako koordinatzailea, Aizpea Aristi begiralea eta Irati Mendizabal 14 urteko gazte oiartzuarra.
"
Salto!-ren helburua euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea" dela azaldu zuen udalerri euskaldunen elkarteak udako programaren aurkezpenean, eta "aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak gaiaren inguruan sentsibilizatuta, ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da udaleku hauekin". Baina bete al dira benetan helburuak? Galdera hori egin die kazetariak hiru lagunei, eta hirurak, bakoitzak bere esparrutik begiratuta, gustura azaldu dira. "Ez ditugu formazio udaleku batzuk antolatu nahi izan. Horretarako badago ikasturtean zehar programazio oso bat prestatuta, eta ez ditugu ‘aspertu’ nahi izan hitzaldiekin edo tailer serioekin. Uste dugu gozamenetik eta plazeretik, zeharka bada ere, gauza asko barneratzen direla. Udaleku hauen helburua udalerri euskaldunetako gazteak elkar ezagutu, euren egunerokotasuna partekatu eta beste herrietan ere euskaraz bizi direla ikustea izan da; eta hemendik bueltan bakoitzak bere herrian hizkuntzaren eusle papera jokatzea. Azken batean irla txiki batzuk gara", adierazi du Jokin Urangak.
"Zazpi egunetan talde-giro zoragarria izan dugu bai gazteen eta bai begiraleon artean. Jolasen eta ekintzen bidez aritu gara aipatu duzun kontzientziazioa lantzen. Euskal musika eta kulturari lotutako eguna izan genuen atzo, adibidez, eta algara artean entzun eta ezagutu genituen hainbat euskal talde. Gazteei hitz bat eman eta hitz horri lotuta ahalik eta abesti gehien biltzea izan zen jolasetako bat. Gustura aritu ziren, eta balio izan zigun ikusteko zenbat kanta dakizkigun, zein gai diren euskal musikagintzan agertzen direnak, eta abar", kontatu du Aizpea Aristik.
Jarraitu erreportajea irakurtzen
Argia.eus webgunean, handik ekarri baitu edukiaren zati bat
Urola Kostako Hitzak.