Gutuna: Alonderoneko igogailua dela eta, Zestoan sortu den eztabaidaren inguruan azalpenak eman ditu Zestoako EH Bilduk

Urola Kostako Hitza 2018ko uztailaren 29a

Zestoan Alonderoneko igogailu berria eta  hori Portale kalearekin lotuko duen oinezkoentzako pasabidearen lanak bukatzear dira. Igogailu berriak Zubimusu eta Idiazpi kaleak Portale kalearekin lotuko ditu. Azpiegitura horrek "herritarren artean sortu duen eztabaidaren aurrean", Zestoako EH Bilduk azalpenak emanaz idatzi bat kaleratu du: "Zestoako EH Bilduk igogailuaren obrak amaitzear dauden honetan, hainbat azalpen eman nahi ditu. Azkenaldian, hirigintzaren baitan irisgarritasunak hartu duen garrantzia dela eta, Zestoako zenbait auzok erdigunearekin duten lotura errazteko, hainbat gogoeta egin ziren aurreko agintaldian. Irisgarritasunaren ikuspegitik arazorik gehien Idiazpi auzuneak zuela eta, handik Laranjadi ingururako irisgarritasuna hobetzea pentsatu eta hasierako obra txiki bat egin zen; betiere epe laburrean gune horretan igogailu mekaniko bat egiteko asmoarekin. Agintaldi berrian, Zestoako Udal Gobernua aldatzearekin batera, gobernu berriak hasierako egitasmoa aldatu zuen. Igogailua Zubimusu auzora gerturatzea komeni zelakoan, proiektua aldatu eta igogailua gaur egun eraiki den lekuan egitea erabaki zuen. EH Bilduk bere kezkak azaldu zituen aurreko agintaldiko egitasmoa aldatu zelako. Kezkak bi zentzutan agertu ditu: batetik, efizientzia arrazoiak izan dira. Hau da, igogailuaren kokapen berritik gertu eraikinik ez egotea eta 15 metroko desnibel urria. Jendeak igogailua hartu beharrean, Erdikalera oinez joaten jarraituko duenaren ustea, alegia. Bestetik, ondare gisa izendatua dagoen eraikinean, eta zestoarrontzat betidanik xarma berezia izan duen Portaleko maldan pasabideak izan dezakeen eragina. Horren aurrean, Udal Gobernuak esan zigun, Gipuzkoako Foru Aldundiko ondare departamenduarekin kontsulta egin zela eta eragozpenik ez zutela jarri. Horrez gain, inpaktu urbanistikoa saihesteko neurriak hartuko zirela. Gogoeta horiek 2017ko udaberrian argitaratu genituen EH Bildukook, eta Zestoako Udaleko Hirigintza Batzordean eta udalbatzarrean ere jasoak gelditu ziren. Igogailuaren obrak hasi orduko, gure hasierako kezkak baieztatzen hasi zirela esan dezakegu. Pasabidea jarri denean, Alondero eraikinari eta Portaleko maldari egiten zaion kalte estetiko nabarmena agerian gelditu da. Pasabidearen estetika eta dituen neurriak ikusita, inpaktoa ahalik eta txikiena izateko behar bezalako jarraipenik egin ez izana salatu beharrekoa da. Hori horrela izanda, EH Bilduk aitortu behar du, beste gauza askotan zorrotzagoak izaten badakien arren, kasu honetan behar adina zorrotzak ez garela izan. Zoritxarrez, Zestoako Udalean gutxiengoan egonda, eta gure iritziak ahuntzaren gauerdiko eztularen pareko balioa badute ere, gure aurkakotasuna grina handiagoarekin adierazi behar genuela. Halere, elbarri eta adinekoen premiak kontuan hartuta, herriko paisaia berezi horretan ahalik eta eragin kaltegarri txikiena sortzeko neurriak hartuko zirela agindu zitzaigunez, eta bai ala bai igogailua hor egingo zela ikusita, kontrakeria antzuak utzi eta, azkenean,  proiektuarekin kritikoak izan arren ez genion ezezkorik eman. EH Bilduk garbi utzi nahi du, igogailua egin den tokian egin izanaren ardura osoa EAJren gaur egungo Udal Gobernuarena dela, eta gure egitasmoa beti hasieratik adierazi dugun hori izan zela. Horrelakoetan, errazena isilik egotea izan ohi da, baina nahiago izan dugu herritarrekin leial jokatu eta dagokigunean gure buruari kritika egin. Bukatzeko, Zestoako EH Bilduk etorkizunean herria kudeatzeko aukerarik badu, antzeko proiektuak prozesu parte hartzaileen bidez gauzatzeko konpromiso irmoa hartzen duela berretsi nahi du".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide