Zestoako Leok'k musika taldeko kideak. (Leok'k)
Zestoako Leok'k musika taldeak 50 urte bete ditu aurten, eta mende erdiko ibilbide musikala ospatzeko
Infinituari segika izeneko hirugarren diskoa kaleratuko du. Diskoaren grabaketa, ekoizpen eta edizio gastuak ordaindu ahal izateko finantzaketa kolektiboa jarri du martxan Zestoako musika taldeak.
Infinituari segika diskoaren salmentekin eta kontzertuekin ateratako irabaziak Saharako Emakumeen Nazio Batasuna (SENB) erakundea diruz laguntzera bideratuko dituzte. Honako bideo hau egin dute finantzaketa kolektiboaren berri emateko:
https://youtu.be/bv_Ud-3db8Q
Leok'k musika taldea 1968. urtean sortu zen Zestoan, bost lagunen ekimenez. Alejandro Kortadik, Juan antonio Kortadik, Sebastian Etxeberriak, Mitxel Orbegozok eta Gotzon Lizasok osatu zuten hasierako boskotea, eta gerora batu zen taldera Luis Llavori. 2006an Koldo Igual sartu zen taldera, auto istripuz zendu zen Alejandro Kortadiren hutsunea betetzeko. 2013. urtea ere ez zen zorionekoa izan Zestoako musika talderarentzat, urte hartan hil baitzen Sebastian Etxeberria taldekidea. David Gorospe sartu zen Leok'k-era orduan. Gorospez gain, garai hartan taldera sartu zen Jesus Aranberri.
Saharako herriari eta "bereziki" Saharako emakumeei laguntzeko eta etorkizunaz erabakitzeko duten eskubidea aldarrikatzeko,
Saemel (2006) izeneko disko bat eta
Une bat... (2010) izeneko beste disko bat grabatu zituzten Leok'k-eko musikariek. Saharako herriari babesa agertzen jarraitzen du oraindik orain Zestoako musika taldeak, eta horretarako aprobetxatuko dute taldearen 50. urteurrenaren harira eta finantza kolektiboaren laguntzaz kaleratuko duten
Infinituari segika diskoa ere. Leok'k-eko kideak dagoeneko hasi dira grabaketa lanetan, eta zestoarrek bidelagun dituzte Alfonso Guilló, Dave Gorospe, Joanes Ederra, Oihan Lizaso, Iñigo Llavori eta Eñaut Gaztañaga musikari eta soinu teknikariak. "Horrelako proiektuak gorpuztu ahal izateko ezinbestekoa izan ohi da lagunen inplikazioa eta laguntza, eta kasu honetan ere hala gertatu da", azaldu du Leok'k-ek finantzaketa kolektiboa egiteko irekitako atarian. Zestoako musikarien priektua
honako lotura honetan lagundu daiteke diruz.
Zestoako musika taldeak jakinarazi duenez, beren asmoa eta nahia da
Infinituari segika diskoa Zestoan aurkeztea, irailaren 1ean. Asteburu horretan, abuztuaren 30etik irailaren 1era, Rock Astea ospatuko dute Zestoan, Leok'k-ek antolatuta. Egun horietan hainbat kontzertu entzuteko aukera izango da Zestoan, eta tartean izango da Leok'k-en zuzenekoa. 50 urte bete dituen taldeak irailaren 1eko 23:00etan hasita emango du kontzertua. Haren ostean igoko dira oholtzara Grises taldeko musikari zestoarrak.