Amabirjinetako egitarauaren azala aukeratzeko lehiaketa martxan da Zestoan

Urola Kostako Hitza 2018ko uztailaren 24a

Iazko festetako argazki bat. (Hitza) Amabirjin festetako egitarauaren azala aukeratzeko lehiaketa antolatu du Zestoako Udalak, eta egitasmoaren oinarriak kaleratu ditu. Parte hartzaileek Zestoan erroldatuta egon behar dute, eta bakoitzak, gehienez, hiru lan aurkeztu ahal izango ditu. Herritarrek abuztuaren 10era bitartean izango dute lanak udaletxeko erregistrora bidaltzeko edo eramateko aukera. Lan bakoitzaren atzealdean bere NAN zenbakia idatzi beharko du egileak, eta beste orri batean bere datuak eta NAN zenbakia zehaztu beharko ditu, gutun-azal batean sartuta. Era berean, lehiakidearen datuak biltzen dituen gutun-azala eta lana gutun-azal batean sartuta eraman beharko dituzte udaletxera. Udalak jakinarazi duenez, egitarauaren azalaren neurriak honako hauek dira: 21x21 zentrimetro. Lanetan, berriz, Zestoa Amabirjinak 2018 edo Zestoa Festak 2018 testuak jarri beharko dituzte. Irabazleak 250 euroko saria eramango du, eta epaimahaia Kultura Batzordeak eta hark izendatutako kideek osatuko dute. Lanek jatorrizkoak, beste inon argitaratu eta saritu gabeak izan beharko dute. Saritutako lanaren jabetza, berriz, udalak hartuko du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide