Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Arroako Bidegorriaren Aldeko Taldeak deituta, eta "instituzioek ezer egiten ez dutela ikusita", Arroako hainbat herritarrek auzolanean garbitu dute Guardi Zahar paretik tren geltoki zaharrera doan bidearen zati bat. Motozerrak, atxurrak, sardeak... hartu, eta bidegorria izatea nahi dutena egokitzen aritu dira hilabetez, eta orain arteko azken hitzordua gaur goizean egin dute. "Ikusten den bezela egindako lanak bere fruituak eman ditu, bidea txukun txukun geratze ari baita" adierazi dute Bidegorriaren Aldeko Taldeko kideek. Hori dela eta, Zestoako Udalari neurriak hartzeko eskatu diote, beraiek egindako lana "alferrikakoa" izan ez dadin. Esaterako, arroarrek garbitu berri duten bide zatian "harri txintxor edo hormigoi pixka bat" botatzeko eskatu diote Zestoako Udalari. "Herritarron partetik dagoen lanerako gogoa eta borondatea izugarria da, eta gure esku dagoen guztia egiteko prest gaude", adierazi dute.
Urteak daramatzate Arroabeko bizilagunek bidegorriaren zatia egiteko eskatzen, eta azken urte eta erdian gaia gizarteratzeko hainbat egitasmo eta bilera egin dituzte. Esaterako, 2017ko udazkenean, Zumaiatik hasi eta Arroako AP-8ko lotura arteko oinezko eta bizikletako ibilaldi jendetsua egin zuten dozenaka lagunek. Iraeta eta Narrondo arteko zatia eraikitzea falta da Urola bailarako bidegorri sarea lotzeko. Hiru kilometro eta 800 metro inguru ditu zati horrek.
Arroako bizilagunek beren prestutasuna agertu badute ere, haien hitzetan instituzioen parte-hartzea "beharrezkoa" da bidegorriaren zenbait zati egiteko, eta horregatik, "beste behin" instituzioei eskatu diote bidegorria amai dezaten. "Aspertu gara itxaroteaz, eta guk gure esku dagoen guztia egiten jarraituko dugu, atxurrekin, pankartekin edo beharrezko den guztiarekin", adierazi du Arroako Bidegorriaren Aldeko Taldeak.