Zestoako Ekainberri museoak hamar urte beteko ditu irailaren 11n, eta urtemugaren harira hainbat ekintza egiten ari dira urtea hasi zenetik, eta horien artean da gaur Zestoako Bainuetxean egin duten Ekainberri 10 urte. Labarretako artearen errepliken erronkak eta etorkizuna museo ekipamendu gisa jardunaldia. Bertan hartu du parte Ekainberriko zuzendari Juanjo Aranburuk, eta Zestoako erreplikaren xehetasunak izan ditu hizpide. Aranburuz gain, hitza hartu dute Europan arte labarra duten haitzuloen lau errepliken ordezkariek.
Ekainberrik eta Gordailuak antolatu dute jardunaldia, EHUko ikastaroen barruan, eta hainbat lagun elkartu da Zestoako Bainuetxean egindako saioan. Jardunaldiaren helburua zen labar arteko errepliken gaurko egoera azaltzea, errepliken balio museografikoa aztertzea, Paleolitoko labarretako artearen garrantzia artearen ezagutzaren diskurtsoan sakontzea, Ekaingo ekipamendua akademia munduan ezagutaraztea eta antzeko ekipamenduen nazioarteko harremanak estutzea. Udako oporren ostean ere izango da ekitaldirik; irailaren 11n, Ekainberri ireki zuten hamargarren urtemugan, programazio berezia eskainiko dute museoan, eta azaroaren 16an, Gizateriaren Ondarearen Nazioarteko Egunean, ospakizun berezia egingo dute.