Adonis Gelisek eta Jon Mirandak irabazi dute Zestoako Txokoko Pilota Txapelketa

Zestoako Hitza 2018ko uztailaren 7a

Adonis Gelisek eta Jon Mirandak osatutako bikotearentzat izan da aurten Zestoako Txokoko Pilota Txapelketa. Atzo arratsean jokatu zen Gurutzeaga pilotalekuan esku pilota txapelketa herrikoiaren azken jardunaldia, eta Gelisek eta Mirandak 30-17 hartu zituzten mendean finalean Joseba Eizagirre Jantxi eta Igor Eizagirre Kixkurra. Finala parekatua eta zaila izango zela adierazia zuten Gelisek eta Jantxik aurreko egunetan, baina azkenean alde garbiarekin irabazi zuten urdinek. Hain zuzen ere, iazko finaleko emaitza berbera errepikatu da aurtengoan ere, baita orduko txapeldunetako bat ere; atzokoarekin, hiru txapel ditu Gelisek Txokokoan, azken biak jarraian. Mirandak, berriz, bere lehendabiziko txapela jantzi zuen atzo. Finalaren aurretik jokatu zen txapelketaren hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida. Finala baino estuago izan zen Julenek eta Josuk Anderren eta Berdaitzen kontra izan zuten lehia: 30 eta 26 bukatu zen neurketa, Julenen eta Josuren alde. Berdaitzek berez jokatzekoa zen Hektorren tokia hartu zuen kontsolazio final horretan. Urtero legez, ikusle asko elkartu zuen Txokoko txapelketaren azken jardunaldiak Gurutzeagan eta giro ederrean joan zen kirol hitzordua. Hauek dira atzo jasotako irudi batzuk (argazkiak: Kris Fernandez:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide