Txapel preziatua jokoan

Mailo Oiarzabal 2018ko uztailaren 6a

Joseba Eizagirre ‘Jantxi’ eta Igor Eizagirre ‘Kixkurra’ Adonis Gelisen eta Jon Mirandaren kontra ariko dira gaur Zestoako Txokoko Pilota Txapelketaren finalean, 18:30ean hasita.

Adonis Gelis pilota jotzeko prest, iazko finalean. (Julene Frantzesena) Urteko kirol hitzordurik berezienetakoa izango dute gaur arratsaldean Zestoan. 18:30ean hasita, Txokoko esku pilota txapelketaren azken jardunaldia jokatuko dute Gurutzeaga frontoian. Lehen partidan, txapelketaren hirugarren eta laugarren postuak erabakiko dira, Julen-Josu eta Hektor-Ander bikoteen arteko lehian. Horren ostean iritsiko da finala: Joseba Eizagirre Jantxik eta Igor Eizagirre Kixkurrak Adonis Gelisekin eta Jon Mirandarekin neurtuko dituzte indarrak, txapel preziatuaren bila. Lau finalistek dakite Txokoko finala jokatzea zer den; eta txapela janztea zer den ere bai, lauretatik hiruk. Eizagirre lehengusuek elkarrekin parte hartzen duten laugarren aldia dute aurtengoa, eta hirugarrenez jokatuko dute finala; orain dela bi urte txapela jantzi zuten. Iaz, berriz, Gelis izan zen Txokoko bere bigarren txapela jantzi zuena, Aitzol Astiazaranekin bikotea osatuz; final horretan aurkari izan zuen Miranda atzean duela, hirugarren finala jokatuko du gaur aurrelari zestoarrak, hirugarren txapelaren bila. Hamabost bikotek parte hartu dute aurtengo txapelketan, bosteko hiru taldetan banatuta, eta esperientziadunak dira finalera iritsi diren biak. "Parekatua" "Final parekatua" ikusten du Jantxik, "detaile txikiek erabakiko dutela iruditzen" zaio. Txapelketan behetik gorako bidea egin dutela azaldu du Kixkurraren bikotekideak: "Hasiera nahikoa gogorra izan genuen, lehen partida galdu egin baikenuen. Ondoren hasi ginen irabazten, eta partidaz partida, hortxe, azkenean finalera ailegatu gara". Guztira, zazpi neurketa jokatu ondoren iritsi dira finalistak neurketa erabakiorrera: hiru partida jokatu zituzten lehen sailkapen ligaxkan, beste hiru bigarren fasekoan, eta finalaurrekoa, joan den asteartean. "Guretzako berezia da Txokoko txapelketa, berezko xarma bat dauka, eta ilusioa egiten digu finala jokatzeak", dio Jantxik. "Besteak faborito" Gelis ere bat dator Txokokoa zestoarrentzat "xarma handia" duen txapelketa dela esaterakoan, "koxkak direla eta leihoa dela. Txikitatik ezagutu dugun zerbait da, oso herrikoia, eta giro oso berezia sortzen da". Finalaren pronostikoa Jantxik baino argiago du, ordea. Orain arte jokatu dituen bi finaletan txapela jantzi duen arren, gaurkorako "presio berezirik ez" duela sentitzen dio Gelisek; gainera, besteak ikusten ditu faborito. "Oso zaila izango da finala eta beraiek dira faborito, nire ustez. Kixkurra onena da atzean, jokoa hark menderatuko du". Txapelketan orain arte egin duten ibilbidea, ordea, ezin hobea izan da, jokatu dituzten partida guztiak irabazi dituzte; "finalaurrekoa estuagoa izan bazen ere, nahikoa erraz ibili gara", aitortu du iazko txapeldunak. Eguraldiak ere izan dezake zeresana Txokoko Pilota Txapelketaren azken jardunaldian. Iragarpenari begiratuta, ez dago hain argi ateri eutsiko al dion. Euri asko egitea ez dago aurreikusita, halere, eta finalera iritsi diren bi aurrelariek espero dute atzeratu beharrik ez izatea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide